Gaurtik aurrera, ‘Euskara, ospeletik eguterara’ erakusketa herriz herri ibiliko da Gipuzkoan, Oiartzunen hasita. Euskarak bizi izan dituen zapalkuntzen berri jasotzen du Foru Aldundiak, Euskal Memoria Fundazioak eta udalek antolatutako erakusketa honek.
«Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazioaz, baina gutxiegi euskal hiztunen kontakizunaz: euskararen kontura izan dituzten pozak, eta nola sentitu diren askotan indargabe haren egoera ikusita», adierazi du Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendariak.
Gaur egun oraindik ere euskaraz bizitzeko «hamaika traba» direla gogora ekarri du, eta horren aurrean normalizazioaren garaia dela aldarrikatu du.
Erakusketak euskal hiztunen bizipenak jasotzen ditu eta jasan duten bazterkeriaren «gakoak eta testuingurua» ezagutarazi nahi ditu. Horrekin batera, «euskaraz bizitzeko herritarrek egindako ahaleginak» ere zabaldu nahi dituzte.
David Anauten ‘Euskararen kate hautsiak’ liburua oinarri hartuta, memoria dokumentala eta memoria bizia jaso dira erakusketa honetan, eta horien bidez herriz herri erakutsiko da euskararen zapalkuntza, hainbat bitartekoren bidez: dokumentala, panelak, esku-orriak, mahai-ingurua...
Apirilean Oiartzunen izango da erakusketa; maiatzean, Zarautz, Donostia eta Arrasaten; ekainean, Tolosan, Azpeitin eta Urola Garaian; eta udazkenean Orio, Lasarte-oria, Goierri, Deba Barrena eta Debagoienan, oraindik zehazteke.