Aimar Etxeberria
Gernika

Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria oinarri, Gernikako bonbardaketaren urteurrenean

Urteurreneko kartela.
Urteurreneko kartela.

Duela hogei urte ingurutik ezagutzen dute elkar Gernika Batzordeko kideek eta egunotan bertatik dabiltzan alemaniarrek, urtero etortzen baitira bonbardaketaren urteurren datak gerturatzen direnean. Egiaren eta errekonozimenduaren alde egin dute lan eta «txalogarria» iruditzen zaie Hubert Brieden, eta Wunstorf-eko herritarrak oro har, egiten ari diren lana.

1976an sortutako taldea da Gernika Batzordea, hiru ardatz oinarri hartuta, eta horietako lehena bonbardaketaren egiaren aitortza duena. Horretan diraute egundo, eta zentzu horretan garrantzi berezia ematen diote Briedenen lanari, euren helburuaren bidean eginiko lana baita. Aitortza sentimental batetik harago joan behar dela aldarrikatzen dute, ordea. Hau da, Gernikan jazo zena betiko grabatua gera dadila eskatzen dute, eta horretarako, eurenaren gisako taldeek duten garrantzia aldarrikatzen dute.

Larunbatean izango da bonbardaketaren urteurrena. Urtero egiten duten legez, karakterizazio berezi bat emango diote aurtengoari ere. Hala, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena izango du oinarri. Giza katea erabakitzeko eskubidearen sinbolo bihurtzen ari dela baliatuz, ‘Esku Bidea’ ekimena egingo dute 13.00etan, Gernikan aurkitzen diren dozena erdi bunkerretatik bi batuz giza kate baten bidez. Arlo instituzionalari dagokionez, ordea, Batzordeak ez du iniziatiba konkreturik buruan, Wunstorf-eko arduradun instituzionalen kasuan senidetzea izan daitekeen legez. Bi herrietako ikasleen trukea izan daiteke aurrera begira garatuko duten ekimen bat, Gernika Batzordean eta Wunstorfeko ordezkaritzan irakasle bana dagoela aprobetxatuz.