Jose Angel ORIA
GAUR8

Txernobylgo umeak berriz Euskal Herrira, Ukraina desegiten ari bada ere

Ekainetik abuztura bitartean Txernobyl inguruko ehunka ume hartuko dituzte aurten ere Euskal Herriko makina bat familiak, Ukrainako krisi politiko larriak azken orduan egitasmo guztiak aldatzera behartzen ez badu behintzat. Aurtengoan, euskal herritar horiek inoiz baino gehiago begiratu dute desegiten ari den herrialdera.

Txernobylgo ume ugari etortzen da Euskal Herrira uda garaian.
Txernobylgo ume ugari etortzen da Euskal Herrira uda garaian.

Txernobylgo zentral nuklearrak izan zuen istripuak eragindako biktimak gogoratzeko egunak dira berriz. 28 urte geroago, inoiz izan den istripu nuklearrik larrienak kalteak eragiten jarraitzen du, eta kalte horiei aurre egiteko sortutako dinamikari eutsi nahi diote Euskal Herrian eskualde kutsatu hartako haurren alde sortutako elkarteek: ekainetik abuztura bitartean Txernobyl inguruko ehunka ume hartuko dituzte aurten ere, Ukrainako krisi politiko larriak azken orduan egitasmo guztiak aldatzera behartzen ez badu behintzat.

«Gu iazko ekainean izan ginen Ukrainan, umeek etorri behar zutenean, eta abuztuan berriz, beren herrialdera itzuli zirenean», esan dio GAUR8ri Nerea Zubia Chernobilen Lagunak elkarteko idazkariak.

Betiko asmoa

Aurten ere egitasmo bera aurrera ateratzeko asmoa dute, baina Ukrainako giroa asko nahastu da eta ezin dute baztertu gauzaren bat aldatu behar izatea. «Arazorik izango ote dugun? Ez dakit bada. Handik bertatik ez dela arazorik izango esaten digute. Gu lan guztia beti bezala egiten ari gara, baina egia da hango paperak-eta ez direla behar bezala iritsi. Kiev hiriburuan omen daude, baina oraindik sinatu gabe, zigilua jarri gabe. Gure bertako laguntzailea larri zegoen, beste batzuetan bizkorrago egiten dituztelako gestio horiek. Denbora pasa da paperak entregatu zituenetik, baina oraindik jaso gabe zegoen. Edonola ere, umeak etorriko direla esaten digute».

Tankerako kezkak dituzte Chernobileko Umeak elkartean, Ukrainako egoera politikoa ez baita inor lasai uzteko modukoa. Enrique Angulo kideak Ukraina bisitatu berri du, elkarteko beste kide batekin batera. Elkartearen webgunean aurkituko ditu irakurleak otsaileko azken astean bertatik idatzitako eskutitzak. «Nabarmendu behar dugun mezua lasaitasunarena da: gure umeek normaltasun osoz bizi dute beren egunerokoa, beraiek bizi diren lekuan ez baitago bizitza aldatuko dien inolako gertaerarik. Beti bezala bizi dira: eskolara joan, kalean edo parkean jolasean ibili… Ez dute gauza berririk ikusten beren bizitzan», zioten otsailaren 20ko idatzian.

Garai hartan Kiev hiriburuko Maidan plazan izan ziren istilu guztiak. Egoera baretzen ari zela zirudienean iritsi ziren Ukrainara, baina, ezegonkortasuna nagusi denean, berehala alda daitezke gauzak.

«Haurrek badakite, telebistako berriak ikusten dituztelako, Kieven zerbait gertatzen ari dela, baina beraien mundutik oso urruti geratzen zaie», zioten elkarteko bi kideek. Butxa herrian manifestazio txiki bat ikustea tokatu zitzaien. Kieveko protestaldian hildako pertsonen alde kandelak piztu zituzten esku hartzaileek, baina inolako istilurik gabe. Hiriburuan gertatzen ari zenarekin batere zerikusirik ez.

Geroztik egoerak okerrera egin du. Beren umeen herrietan Ukrainaren aldeko jarrera da nagusi, ez Errusiaren aldekoa. «Herritar guztiak Viktor Janukovitx presidentearen aurka zeuden. Ukrainan beti izan da zatiketa hori: ukrainarrak alde batetik eta errusiarrak bestetik. Orain gauzak nahastu egin dira. Krimean gertatutakoak giroa gaiztotu egin du», esan dio Enrique Angulok GAUR8ri.

Maidan eta Krimea

Angulok garbi dauka presidente kargutik kendu zuten Janukovitx «lapur hutsa» zela, baina agintean zegoen: «Agian Valentzian bezala gertatuko da: gehien lapurtzen duenari boto gehiago ematen zaiola».

Maidanen eta Krimean gertatutakoa ikusi ondoren, une honetan ezin da baztertu Ukrainako beste eskualde batzuek ere egungo egoera aldatu nahi izatea. «Ez dakigu Errusiak kalera ateratako manifestariak diren edo zer, iristen zaigun informazioa ez baita beti fidagarria izaten. Izan ere, Maidaneko manifestariak zoragarriak ziren aurrena; eta gero, faxistak», dio.

Otsaileko eskutitzetan margotutako egoera aldatu egin zaie Txernobylgo umeei ere. «Krisi politikoa gure umeen bizitza aldatzen hasia da: pentsioak berandu kobratzen dituzte eta beraien otordu nagusia, eskolan ematen zietena, desagertu egin zaie. Beraien egoera Maidaneko protestak gertatzen ari zirenean baino askoz ere gordinagoa da une honetan», jakinarazi du Enrique Angulok.

Maidan plaza bisitatzeko aukera izan zuten Janukovitxen aurkako manifestariz beteta zegoenean. «Gu izan ginen egunean sarraski bat egin zuten: dozenaka hildako. Guk ikusi genituen barrikadek ezertarako ez zuten balio, pasa nahi zuten pertsona guztiak pasatzen ziren-eta. Etxean egindako balen aurkako txaleko bat jarri zidaten, hondarra erabiliz egindako jantzia, argazkia egiteko. Beisboleko bate bat ere eman zidaten. Turistei zuzendutako ekimena zirudien», gogorarazten du Chernobileko Umeak elkarteko kideak.

Chernobileko Lagunak elkartekoek laguntzaile bat dute Ukrainan bertan, eta berak egiten dizkie gestio guztiak, umeak udan Euskal Herrira etor daitezen. «Ivankiv herritik ekartzen ditugu haurrak. Bertan gizarte etxe bat dago eta bertakoen laguntza izaten dugu», esplikatu du Nerea Zubiak. Angulok azaldu moduan, beraien umeak Ukrainaren aldekoak nagusi diren lekuetakoak dira. «Istilu horien inguruan zerbait galdetzean, umeek ezer ez dakitela erantzuten digute. Egia esan, ez jakitea hobe», erantsi du.

Bisitak etxez etxe

Olatz Linazisoro Chernobil Elkarteko kide da. «Ukrainan? Aurten ez gara bertan izan. Urtean bi bidaia egiten ditugu. Umeak ekainean etorri aurretik, hamar egun lehenago-edo, joaten dira kide batzuk hemendik; paperak egin eta tailerrak prestatzen dituzte haur berriekin, eta gero denak etortzen dira. Umeak Ukrainara itzultzen direnean, beste talde bat joaten da beraiekin. Han lan egiten dugu bertako talde batekin; ikusten ditugu datorren urtean etorri nahi duten umeak. Iaz hogei haur inguru ikusi genituen. Etxez etxe adin txikikoak bisitatzen ditugu. Izan ere, guk ez dugu inor gonbidatzen, aurretik pertsonalki ezagutzen ez badugu, nahiz eta bertako elkarteak oniritzia eman. Umearekin eta gurasoekin elkarrizketatxoak egiten ditugu eta ikusten dugu zer-nolako egoeran dauden», azaldu dio GAUR8ri Linazisorok.

Txernobyl inguruko egoera negargarria da, Chernobilen Lagunak elkartekoak adierazi duenez. «Oso eskualde pobrea da zentral nuklearraren ingurukoa. Nekazaritza da nagusi, nahiz eta lurra kutsatuta dagoen. Industriarik ez dago». Kiev hiriburutik iparraldera joan behar da ingurua ezagutu nahi izanez gero. Zubiak azaldu digu zentraletik 30 kilometrora inolaz ere pasa ezin daitekeen hesia dagoela. Hurrengo hesia 50 kilometrora dago. Bi hesi horien artean dago Ivankiv. Umeak bertakoak eta inguruko herrixketakoak dira.

Komunik ez etxean

Tankerako argazkia egin du Linazisorok. «Ume batzuk oso egoera gogorrean daude, batez ere landa eremuetan bizi direnak. Kutsadura da nagusi, baina han diru pixka bat daukanak ez du gizartean inbertitzen. Eguneroko bizitza oso gogorra da: batzuek ez dute komunik etxean, putzu bat besterik ez, hemen orain 60 urte bezala. Baratze kutsatuak dituzte baina bertatik ateratakoa jan behar dute; batzuek baratzerik ere ez dute», azaldu du Chernobil Elkarteko kideak.

Ukrainako krisi politiko larriaren eraginez, aurten inoiz baino gehiagotan hitz egin dute hemengo familiek hango umeekin. «Urte osoan zehar dugu harremana umeekin. Familia guztien egoera ekonomikoa ez da bera, jakina. Batzuek ordenagailua dute etxean, eta horrek aukera gehiago ematen diete gurekin komunikatzeko. Beste batzuek gutunen bitartez azaltzen dizkigute kontuak, edo telefonoz noizbehinka deituta», Zubiak adierazi duenez.

«Umeek beren kezka azaltzen al dizuete?», galdetu diogu. «Gure etxera etortzen den mutikoak 13 urte ditu eta gaia ez du gehiegi aipatzen, baina kezkatuta dagoela ikusten zaio. Bertako arduradunak esan izan digu egoera oso larria dela, baina bere herrian ez da aipatzeko moduko istilurik izan. Hori bai, Maidaneko protestak hasita zeudela, gau batean herrira doan errepidea moztu egin zuten», erantzun digu.

«Aurten aurreko urteetan baino harreman gehiago izan dugu umeekin», esan digu Olatz Linazisorok. «Familia bakoitza mundu bat da. Batzuek astero hitz egiten dute, hamabostero besteek, edo hilero… Guk urtean zehar gutxi hitz egiten dugu, ordenagailuz batez ere, sare sozialen bitartez, aurki 13 urte beteko dituen Angelinarekin. Hango egoera larritu izan denean, gehiago hitz egin izan dugu. Guretzat Ukraina ez da edozein herrialde, lotura handiagoa dugu leku horrekin eta, berri horiek iristean, urduriago egoten gara», onartzen du.

Bost zentimetro gora

Txernobylgo istripu nuklearrak kaltetutako umeentzat oso garrantzitsua da kutsatu gabeko leku batean bi hilabete egitea. Eta elikagai garbiak jatea. Oso era adierazgarrian esplikatu zuen Itziar Garaizabalek Youtuben ikusgai dagoen bideo labur batean. Chernobilen Lagunak elkarteko kideak esplikatu zuen ume horientzat aukera ikaragarri ona dela hona etortzea. «Lehenengo urtean batez ere fisikoki oso nabarmena da hobera egiten dutela. Bi hilabetetan bost zentimetro hazi, hona etortzean zuten oliba kolorea atzean utzi eta bestelako sasoia erakusten dute, bestelako alaitasuna. Kontuan hartu behar da lurrean dutela kutsadura, eta jendeak, beste irtenbiderik ez duelako, baratzeak lantzen dituela. Kutsatutako elikagai horiek jatera behartuta daude», zioen Garaizabalek.

«Hazi bakarrik ez», esplikatu digu Nerea Zubiak. «Hazi eta sasoiz hobetu. Mendira joatean, esaterako, iritsi berriak direnean, oso zaila egiten zaie besteen erritmoari eustea, baina hemen aste batzuk egin orduko, askoz ere errazago ibiltzen dira. Sistema immunologikoa ahulduta dutelako gertatzen da hori».

Krisiaren eragina

Osasunaren Mundu Erakundeak berak gomendatzen du Txernobylgo zentral nuklearrak kaltetutako umeak kutsatutako eremutik ateratzeko, euren osasunak hobera egin dezan. Horixe egiten dute Chernobil Elkartea, Chernobilen Lagunak eta Chernobileko Umeak erakundeek, hemengo instituzioen laguntzarekin. Baina krisi ekonomikoak arlo horretan ere izan du eraginik eta orain urte batzuk 400 ume inguru ekarri izan bazituzten, iaz ez ziren 300era iritsi.

«Aurten jende gutxiago animatu da; ulertzekoa, krisia dela-eta. Bidaia guk ordaindu behar dugu, eta batzuek ezin dute», esplikatu du Linazisorok.

Chernobileko Umeak elkartean ere hemengo familiek ordaindu beharreko kopurua murrizten saiatu dira. «600 eurotik 500era jaitsi dugu, bestelako ditu iturriak bilatuta, aire konpainia aldatuta, gastu batzuk kenduta, zergak arintzeko urratsak emanda... Ume bat ekartzeak 700 euro inguru balio ditu, eta gero, gainera, haurra mantendu egin behar dute familiek bi hilabetez», adierazi du Angulok.

Umeren bat hartzeko prest daudenek aipatu elkarteekin jarri behar dute harremanetan. Hori bai, aurtengo udan, agian, umerik gabe geratuko dira, dagoeneko beranduegi da-eta, legeak behar bezala betetzeko epeak oso zorrotzak baitira.

Kieveko agintariek sekulako garrantzia ematen diote Txernobylgo umeak hemen hartzeko proiektuari, Valeri Shvets Ukrainak Estatu espainolean duen enbaxadako idazkariak Chernobil Elkarteko kideei adierazi dienez. «Gure ekimenarekin jarrai dezagun eskatu digute, eta esan dute krisi politikoak ez duela eraginik izango».