Ramon SOLA
DONOSTIA

«Europar Batasunaren ziztada bilakatzeko» EH Bilduri botoa emateko eskatu du Ernaik

Maiatzaren 25an EH Bilduren hautagaitzaren alde egin du Ernaik, Donostian emandako agerraldi baten bidez. Maialen Etxeberriak eta Mikel Buttonek adierazi dutenez, egungo Europaren eredua «hausteko» boza izango da, bere apustua bestelako Europa bat da-eta, «herrien Europa» alegia.

Mikel Button eta Maialen Etxeberria. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Mikel Button eta Maialen Etxeberria. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

«Herrien Europa eraikitzeko bidean baditugu zereginak eta horri begira hauteskunde hauetan euskal langileriaren, klase zapalduaren, herritarren eta gazteon aldarrikapenak bertan izatea bermatuko dugu; kalean irabazten ditugun borrokek bertan oihartzuna izatea da gure nahia –esan dute–. Europar Batasunaren ziztada bilakatu eta erabaki eta eztabaida eremuetatik at geratzen garen herritar ororen hitza bertaratzea. Finean, bere izana kolokan jartzea eta hausturaren beharra azaleratzea».

Horrezaz gain, Europako Legebiltzarrean egiten den lanak «gure herrian martxan den konponbide prozesuari ekarpena egiteko balio behar digu», adierazi dute Maialen Etxeberriak eta Mikel Buttonek. «Euskal Herria eta nazioartea izango dira konponbide prozesuaren hartzaile eta Parlamentuan egoteak horrelako aukerak irekitzen ditu», esan dute.