@manexaltuna
Durango

Durango, giza katearen #0km-a

Egun handia. Gure garunean txertaturik geratuko dena. Zerbaiten hasiera. Gaur aurreko eguneko parranda aurpegietan ere irria nabaritzen zen. Kexa eta kopla guztien gainetik, hitz bat: ilusioa. Emozioa ikus zitekeen begiradetan.

Durangoko Landakon abiatu da giza kate historikoa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Durangoko Landakon abiatu da giza kate historikoa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Durangon lehen orduetatik sumatzen zen zita handi bat zegoela. Gure esku dago leloarekin kamiseta urdinak nonahi. Landako erakustazokako inguruetako tabernetan jende andana gosaltzeko eta indarrak hartzeko elkartu da.

Goizeko 10.15ak pasata hasi dira giza katea antolatzen 0 km-tik. Antolatzaileei so eginez, Durangoko herritarrek azkar bete dituzte ibilbidearen lehen bi kilometroak. Irrintziak, trikitia, kantuan eta umoretsu hasi dira mugitzen. Helduak eta umeak hasieran geratzeko eskatu dute megafoniatik, baina ibilbide osoan adin guztietako jendea egonda. Ikurrinak, senyerak. Kolore ezberdinak toki guztietan. Batzuek gerizpea bilatzen zuten bitartean, beste batzuk hondartzako aulkiak jarri eta itzunduta itxaroten. Garagardoak, freskagarriak, txapelak eta aterkiak eguzkitik babesteko. Azal zuriko hainbat lagun ziur karramarro bat bezala itzuliko direla etxera.

Baina ez dio axola. Euriak, hotzak eta elurrak ere inoiz zapuztu ez badute Euskal Herrian festa bat, gaur gutxiago. San Fausto auzoaren bukaeran, merkatal gunearen parean dagoen Abadiñoko sarreran, Durangaldeko beste herrietakoak batu dira. Kolore ezberdinekin antolatu dira eta txistuaren doinuekin iritsi dira 3. km-ra. Euskal presoak etxera ekartzea eskatzen duten banderolak eta epaiketa politikoen kontrako ‘Libre!’ ikur andana eraman dituzte soinean. Eneko Abasolo ‘Abarkas’ bertsolaria bertan izan da, giza katea antolatzen.  

Jendetza ikaragarria zegoen. Giza katea hasteko minutu batzuk falta zirenean Durangon ez zegoela tokirik oihuka hasi dira antolatzaileak eta arineketan mugitu behar izan dira guztiak.

Giroa pil pilean zegoen aurretik. Lehen olatu saiakerak martxan zeuden aspalditik, txaloak, oihuak eta kotxeko megafoniatik «La ostia zarie» errepikatzen dute etengabe. Ordua iritsi aurretik, Idiazabalgo gazta zati bat -Gure Esku Dago dinamika jaio zen ekimena gogora ekarriz- hasi dira eskuz esku pasatzen. ‘Iruñera iritsi behar da’, esaten zuten.

Eguerdiko 12.00etan suziriak jaurti dituzte giza kateari ofizialki hasiera emateko. Sentipenak eta bihotzak borborka izan dira. Eskutik elkar harturik aurrera eta atzera tiraka hasi da jendea eta une gorena kamara bat zeraman motorra pasatu denean iritsi da.

Hasierako emozioak igaro ondoren, azkar askatu da giza katea eta jendearen gehiengoa gerizpe baten bila mugitu da. Hala ere, batzuk saiatu dira «Ikusi Mendizaleak» abestuz giroa mantentzen edo olatu saiakerak egiten.

Landako inguruak jendez gainezka zeuden. Bertan Maddalen Iriarte kazetaria egon da katearen hasieran. Lehen tokian berriz, Durangoko bonbardaketa jasan zuen herritar bat. Sinbolikoa, iluntasunetik etorkizunera egindako keinua. Bere ostean andereino bat, adin ezberdineko umeak eta Boisetik iritsitako familia bat.

Sentimenduak eta irribarrea

Suziriek eta txalapartak giza katearen bukaera iritsi dela jakinarazi dute. Dantzariek ikurriña astinduz agurtu dute. 13.00ak aldera, Zelai Nikolasek hartu du hitza komunikabideen aurrean Gure Esku Dago-ren izenean. «Hunkiturik» daudela azpimarratu du. Emozioak gainezka egin duela eta negar malkoak ere ikusi direla. Nabarmendu duenez, «sentsibilitate politiko ezberdinetako» norbanakoek parte hartu dute giza katean eta pilatutako energia guztiak Euskal Herria erabakitze eskubidearen alde «Europan martxan den trenean» igo duela esan du.

Kazetariek zifren inguruan galdegin diote, baina horren gainetik bizitako sentimenduei eman die garrantzia.

Ekitaldi politikoarekin eta festarekin jarraitu du egunak. Gure Esku Dago dinamikako ordezkariek egindako lanak merezi izan duela esan dute pozarren Landako erakustazokako taula gainetik. Erabakitzeko eskubidea «lokatzetik» atera dela aldarrikatu dute eta eraikitako zubiak, konfiantza eta elkarlana hedatzen lagunduko dutela. «Bihartik aurrera irribarre batekin begiratuko diogu etorkizunari», nabarmendu dute.