Euskal preso politikoen familia eta lagunen izenean, Patricia Velezek eta Urtzi Errazkinek tailerrean den Mirentxin furgoneta hondatu honekin gertatutakoa bizi duten errealitatearen metafora lazgarria dela adierazi dute. Euskal Herritik Alakanteko Villenara dauden 700 kilometroak ia-ia eginda zituztela, espetxera ailegatzeko puntuan zirela horma batekin egin zuten talka. «Ostiraletako bidaiak, ostiraletako bidaia madarikatuak!».
Azaldu dutenez, ostiraletan irteten dira Mirentxineko boluntarioen furgonetak espetxeetara. Bidaiari ekiten dioten aunitzek lana egin dute kotxea, hegazkina, itsasontzia edo furgoneta hartu baino lehen. Lana, aste osoko nekea, espetxera zehaztutako orduan iristeko beharra, tentsioa, urduritasuna… 700 kilometrotako joana eta beste hainbesteko etorria. 1.400 kilometro guztira. Villenara kasu honetan. Baina 2.000 km baino gehiago dira Puerto III, Clairvaux edo Baupaumen senide eta lagunak bisitatu ahal izateko bete behar direnak. Orduak eta orduak errepidean. Eta Etxeratek argi du: «Kasualitatea baino kausalitatea» dira istripuok.
Zenbakiak hotzak izan daitezke, hotzak baina «ankerrak, beldurgarriak». Istripu hau uztailaren 19an gertatu zen, urteko 200. egunean hain zuzen. Orotara, zortzi istripu jazo dira egun horietan. 25 egunetik ezbehar bat espetxeetara bidean. Orotara, 25 lagunek baino gehiagok izan dute istripua aurten, sakabanaketaren 25. urteurrenean. Ez hori bakarrik, «minez eta sufrimenduz betetako urteurren triste» honetan, senide presoak «gero eta urrunago» daudela salatu dute. 472 preso politiko daude, horietatik 196 Euskal Herritik 1.100-800 kilometrora. Horrek 2.200 eta 1.600 kilometro arteko bidaiak eskatzen ditu. Bitartean, Euskal Herriko kartzeletan bost preso politiko daude soilik.
Velezek eta Errazkinek kritikatu duten bertze gauza bat asteotan prentsan agertu diren titular handiak izan dira. Horiek diote bi preso mugitu dituztela Mont-de-Marsanera. «Bai, hala da. Baina beste bi ia Belgikara eraman dituzte. Baupaumera. Eta beste bi Madriletik Jaenera. Eta beste hiru Mediterraneoraino, Tarasconera». Etxeratek berriro ikusi du «interes politikoak giza eskubideen babesaren gainetik» jartzen direla, eta klase politikoari eska diezaiokeen «gutxieneko gauza giza eskubide guztiak errespetatzea» dela deritzo. «Ekintza gehiago eta hitz gutxiago», horixe zortzigarren istripu honen aitzinean exijitzen dutena. «Aski da!».
Senideek ez dute aurkezpena bukatu nahi izan Mirentxineko gidari boluntarioei eskerrik beroenak eman gabe.