Bizitza erdia Afrikatik ihes egindako pertsonak salbatzen
Gibraltarko itsasartetik barrena Estatu espainolera iritsi nahi zuten milaka etorkin erreskatatu ditu azken hogei urteotan Israel Diazek. Oraindik beste asko salbatu beharko dituelakoan dago. «Ia ezinezkoa da gaur egun erabiltzen dituzten jostailuzko txalupa horiekin itsaso zati hau zeharkatzea», adierazi du itsasgizon beteranoak.
Israel Diaz «Salvamar Alkaid» itsasontziko patroia da; hau da, Estatuko Itsasoko Laguntza saileko ontzien artean etorkin gehien erreskatatu dituenetakoa. Tarifako portuan du basea, «otsoaren ahoan», Marokotik gertuen dagoen puntuan, bertatik Afrikara hamalau kilometro besterik ez baitaude. Garai batean Tarifara iristen ziren lehen paterak, eta gaur egun ere Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik ihes egindako etorkin askok puntu horretara iristea du helburu, nahiz eta, kasu askotan, bidaia arriskutsu hori hasi aurretik itsasoa ikusi gabeak ziren.
«Lehen eguraldia errespetatzen zuten; ekaitza izanez gero, ez zuten itsasoa zeharkatzen, ez zuten beren bizitza arriskuan ipintzen. Gaur egun gauzak aldatu egin dira eta bi aldiz pentsatu gabe itsasoratzen dira, edozein eguraldi izanda ere. Kasu batzuetan bost metroko olatuen artetik salbatu izan ditugu», esplikatu digu Diazek.
Gaztaroan arrantzalea izan zen. Gaurdaino bizitzaren erdia darama etorkin askoren bizitza salbatzen, hasiera batean Gurutze Gorriarekin eta, azken bederatzi urteotan, «Salvamar Alkaid» itsasontziko patroi moduan.
Milaka lagun erreskatatu ditu urte horietan. Urte batzuetan 3.000tik gora pertsona salbatu ditu. «Beraien aurpegiak deskribatzerik ez dago, sentsazio asko nahastuta izaten dituzte, beldurretik pozera», azaldu du.
Erreskate horiek egiteko maniobra eguneroko ogia bihurtu da bere bizitzan. Bera eta beste zazpi lagun aritzen dira txandaka, lau laguneko taldeetan, «Salvamar Alkaid» ontziak etenik gabe lan egin dezan: egunean 24 ordu, urtean 365 egun. «Oheratzen zara egunsentia itsasoan iritsiko zaizula jakinda. Deia iristen denerako gauza guztiak prest eduki behar dituzu. Edozein ordutan gerta daiteke hori eta korrika hasi behar duzu. Nire ohean lo egotetik itsasontzia itsasoratzen den arte hogei minutu pasatzen dira», azaldu du.
Itsasoratzean «Salvamar Alkaid» ontzia pateraren bila hasten da. Kasu batzuetan Helimer helikopteroaren laguntza izaten dute, lurrean txikia dirudien eremua oso zabala baita itsasoan.
Patera ikusten dutenean, lehen helburua lasaitasuna transmititzea izaten da, «oso urduri egoten baitira; zutik jarri nahi dute eskuekin seinaleak egiteko. Une arriskutsua da, ontzia irauli egin daiteke-eta. Guztiak behar bezala eserita ikusi arte ez gara hurbiltzen. Orduan apurka gerturatzen gara, bi ontziek talka eginez gero, etorkinak uretara eror daitezke-eta», dio. Sokamuturrak botatzen dituzte paterara bi ontziak elkartu baino lehen. Txalupa txikia ondo lotuta dutenean, ontziratu egiten dituzte etorkinak, aldez aurretik lan-jantzia, eskularruak eta maskara zuriak jarrita, osasun arriskuak murrizteko.
Basamortua zeharkatu
Erreskatatutako batzuek otoi egiten dute eskerrak emateko. Hori bai, «Salvamar Alkaid» ontzira iristean, lo geratzen dira, portura ailegatu arte. Deskuidatuz gero, bidean beste pateraren bat erreskatatu beharko dute.
Itsasoko Laguntzak erreskatatu izana ez da izaten etorkin horien bidaiaren porrota. Pertsona batzuek bost urteko bidaia egiten dute Marokoko iparraldera iristeko, eta epe horretan basamortuak ere zeharkatzen dituzte. «Normalean gauez irteten dira Marokotik eta goizean goiz deitzen digute laguntza eske. Ez dute itsasertzera igeri egiten iritsi nahi, badakitelako Espainiak erreskatatu egingo dituela», adierazi du patroiak. Bere ustez, telefono dei horietako batzuk Marokon itsasoratu baino lehen egiten dituzte.
Garai batean egurrezko ontziak erabiltzen zituzten itsasartea zeharkatzeko; gero, zodiac ontzi pneumatikoak; eta azken bost urteotan, inolako segurtasunik eskaintzen ez duten jostailuzko txalupak, merkeago ateratzen zaielako. Txalupa horiekin denbora asko beharko lukete bidaia amaitzeko, «edo ez lukete inoiz lortuko, itsasarteko ur-lasterrek eta haizeak edozein lekura eramango lituzkete-eta», adierazi du itsasgizonak.