‘.eus’ domeinua onartuta eta ICANN erakundearekin kontratuak sinatuta, domeinu-eskariak jaso, kudeatu eta erregistratzeko prestatzen ari da puntuEUS fundazioa. Fase berri horretaratako lan talde berria osatu dute eta Josu Waliño Pizarro (Zumaia, 1972) izendatu dute zuzendari.
Informatikan lizentziatua, Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresaren sortzaile eta Elhuyar Fundazioko Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendari eta zuzendaritzako kidea izan da. Waliñorekin batera Lorea Arakistain Aizpiri komunikazio-arduradunak osatuko du lantaldea.
Iratxe Esnaola Arribillagak, gaur arte proiektuaren bultzatzaile izan denak, abendua bitartean jarraituko du proiektuan lanean eta unibertsitateko zereginetara itzuliko da ondoren.
2014ko udaberritikikusgarria da ‘.eus’ domeinua interneten. Euskal Herriko ia ehun webgune izan ziren domeinua eskuratzen aitzindari, horien artean baita NAIZ ere.
Hemendik aurrera, puntuEUS proiektuak interneteko domeinu horren ardura izango du: domeinuen erregistrorako eskariak jaso, domeinua erabiltzeko ezinbestekoak diren baldintzak betetzen direla ziurtatu, betetzen baditu, erregistrorako baimenak eman; eta azkenik, erregistroa teknikoki mantentzen dela ziurtatuko du.
Irailaren erdialdetik aurrera abiatuko da hurrengo fasea zeinetan erakunde, enpresa, elkarte eta partikularrek domeinu-eskaria egiteko aukera izango duten. Horretarako, webgune berria jarri da martxan: www.domeinuak.eus