NAIZ
BILBO

Amaiur: «Margalloren hitzek agerian uzten dute Gobernuaren jarrera antidemokratikoa»

Kataluniaren autonomia bertan behera uzteko aukeraz Kanpo Arazoetako ministro Jose Manuel Garcia-Margallok egin dituen adierazpenek «Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratikoa» agerian uzten dutela nabarmendu du Amaiurreko diputatu Iker Urbinak.

Margallo ministroak Kataluniaren inguruan esandakoek zalaparta handia eragin dute eta erreakzio soka luzea ekarri.

Amaiurreko diputatu Iker Urbinaren arabera, hitz horiek «birsortze demokratikorako Alderdi Popularraren egitasmoaren baitan egin ditu Atzerri ministroak».

«Jakin dezatela, Euskal Herria eta Kataluniari dagokionez, birsortze demokratiko orok euskal eta katalan herritarren erabakitze eskubidea hartu behar du kontuan», azpimarratu du Urbinak.

Bestalde, koalizio abertzaleak gogoratu du bihar Eskoziako erreferendumari buruzko galdera egingo diola Margallori.