Haritz LARRAÑAGA
EDINBURGO

Urteko beste edozein egunetan bezala

Erreferendumaren emaitzak argitaratu eta lau ordutara lasaitasuna da nagusi Edinburgoko kaleetan. Euria ari du, ohiko moduan, eta jendeak bere egunerokoan jarraitzen du.

Unibertsitate aldera abiatzen naiz, agian, han, jende gehiago topatuko dudalakoan. Gainera, unibertsitatea eta zerbitzu publikoak eztabaidaren parte izan dira eta erreferendumean gazteen parte-hartzea handia izan da. Atarian zenbait gazte eskuorriak banatzen dabiltza leku estrategikoetan. Ondotik pasatzean panfletoa luzatu didate eta jakinminez hartu dut. Jehovaren lekukoak dira.

Unibertsitatean, ez da hizketan ari den lagun multzorik edo zigarroa erretzera atera den ikaslerik eraikinen atarietan. Ez da erraza hitz egiteko astirik edo gogorik duen norbait topatzea. Batzuek, ezezkoa bozkatu dutela onartzen duten arren, ez dute nire galderei erantzuteko asmorik, baina ez dute gehiago sakontzeko ahaleginik egin nahi.

Izenik eman nahi ez duen neskato batek pozik dagoela aitortzen du, jendeak bere iritzia emateko aukera izan duelako. Bera ingelesa da, eta ezezkoa bozkatu du, baina aurrerantzean etorkizuna eskoziar guztiek elkarrekin eraiki behar dutela dio.

Baiezkoa bozkatu dutela diotenak zergatia adierazten saiatzen dira eta argudioetan sakontzen dute, bakoitzak bere modura. Adibidez, etorkizunari buruz galdetuz gero, botereen itzulpenei buruz hitz egiten dute batzuek. Alexek, Margareth Thatcherrek bere garaian esandakoak ekartzen ditu gogora, Devomax edo eskumenen itzultzea agindu zuen orduan eta ez zuen hitza bete, orain ere gauza bera gerta daiteke.

Jende gehiena ordea, aterkien azpian ezkutatzen da, belarrietan dituen kaskoetan bilatzen du babes edo, besterik gabe, presaka dabil. Urteko beste edozein egunetan bezala.