Eskoziako emaitzak ezagutu bezain pronto argitaratu ziren egunkarien lehen edizioak aztertuta, izenburua aldez aurretik erabakita zegoela pentsa zitekeen atzokoan: «It's no», hots, eskoziarrek ezezkoa eman diotela independentziari. Hori izan zen-eta Eskozian argitaratzen diren egunkari askoren atzoko izenburua. Obedientzia britainiarra duten egunkariak, baina, harago joan ziren eta eskoziarren botoak salbazio baten mirakulua bailiran eraman zituzten lehen orrialdera. Hala, «Daily Mirror» egunkarian «Great Britain saved» irakur zitekeen, eta, «Daily Telegraph»-en, «The United Kingdom is saved»; hau da, Erresuma Batua salbu dagoela. «The Sun» egunkariaren Eskoziako edizio berezituan ere ildo beretik jo zuten: «Union Back» eta «Reunited Kigdom», alegia, «Erresuma Birbatua» aldarrikatu zuten. Bestalde, egunkari guztietan epika eta transzendentzia historikoz beteriko artikulu ugari irakur zitezkeen.
Baina ez zen izenburu edo artikulu kontua soilik, aukeratutako argazkiek ere intentzionalitate osoa baitzuten atzokoan. Esaterako, «The Times» egunkariak Ingalaterrako eta Eskoziako edizio berezituetan argazki ezberdinak eraman zituen lehen orrialdera. Ingalaterran ezezkoa botatu dutenen poza, estasia. Eta Eskozian, aldiz, tristura, negarra, desolazioa iradokitzen zuen baiezkoaren aldekoen irudia.
Errusiarentzat tranpa egon da, hala irakur zitekeen behintzat atzo Ria Novosti berri agentziaren erreportajeetan. Kremlingo propagandaren telebista katetzat hartzen den «Russia Today» bertan ere bide beretik jo zuten. Lehenengoaren arabera, «Londresek eta Edinburgok ez dituzte erreferendum garbi batek eskatzen dituen estandarrak bete». Eta horren adibidetzat botoen kontaketak gela handiegietan egin izana jartzen zuten (ikastetxeetako gimnasioak, aireportuetako aretoak...), bertara edozein sar zitekeela aipatuz eta kontaketetan gabezia larriak gerta zitezkeela iradokiz, are, antzeman zirela azpimarratuz.
Konspirazioaren ildotik, «Russia Today»-k aipatzen zuen nazioartearentzat kezka geoestrategiko handiegiak, interes potoloegiak zeudela jokoan, adibidez Eskozian gordetako arma nuklearrak. Horrenbestez, manipulazioa guztiz baztertzerik ez dagoela uste dute. Are, «Ipar Korean egon ohi den parte hartze maila egon da, eta, normalean, komunikabideek ez dute horrelakorik sinesten. Beraz, zergatik balezkotzat jo ia %90eko parte hartze maila Eskozian?». Ildo berean, kuriosoa gertatzen da Donetskeko Herri Errepublikak kaleratutako oharrean «ez dugu baztertzen Erresuma Batuaren iruzurra» aipatu izana.
Ameriketako Estatu Batuetan, aldiz, unean uneko lasaitua baina aurrera begirako kezka nabari da edonon. Hala, «The Boston Globe» egunkarian irakurri ahal zenez, «Eskozia Danimarka berria izan zitekeen, baina geratzea erabaki du». Testuan, zalantzan jartzen da Cameronek hitzemandako eskumen berrien promesa beteko ote duen. «The New York Times»-ek ere antzeko ideia errepikatzen du, erronka zehatza botaz David Cameroni: berehala bertan behera uzteko Europar Batasunaren inguruan «in/out» terminoetan egin nahi duen erreferenduma -barruan ala kanpoan, alegia-.
«Devolution-Revolution», hori da aurrera begira egunkari gehienek dakarten iragarpena. Eta akordioa lortuko den ikuskizun jartzen dute, eskoziarren, ingelesen, galestarren, Ipar Irlandako herritarren eta Londresko Udalaren interesak adiskidetzea posible ote den galdetuz. «The Guardian»-en honakoa irakur zitekeen: «Aro oso bat baldintzatuko duen egitasmoa da. Plan hau, bankuekin gertatu bezala, handiegia da erortzen uzteko».
Eskoziarren kasuan, egitasmoa irakaskuntza eta osasuna osoki beregain mantentzea, zergak biltzeko eskumen handiak eskuratzea eta «Barnett formulari» eustea litzateke -hots, biztanleko Erresuma Batuko beste lurraldeetako herritarrek baino finantziazio handiagoa lortzea Londresetik-. Ipar Irlandako sei konderrietako herritarrek eta galestarrek berdin-berdina eskatu dute dagoeneko. Eta Londresko alkatea berehala atera zen prentsara atzo: «New Yorkeko hiriak jasotzen dituen zergen %50 kudeatzen ditu, guk %7. Ez da bakarrik Eskozia eta Gales, Londresek ere zeresana izatea eta erantzun propioak eskatzen ditu `Devolution-Revolution' horretan».
Ingelesak Ingalaterraz erabakitzearen aldeko ahotsak ere goratzen ari dira jada, eta «Erresuma Birbatua» salbatu den arren, etorkizuna ez da horren argia.
Erreferendumak antiklimaxa izango duela ere sarritan aipatu da. Batzuentzat lasaitua, besteentzat desesperantza, eskala handian ekarriko dituen antiklimaxa. Baina denak bat datoz Eskoziaren kasuan ez dagoela «sekula» edo «betiko» esaterik. Martin Kettlek «The Guardian»-en dioenez, «Eskoziako independentistek gaur goizean erraiak atera dizkietela senti dezakete. Baina Erresuma Batuaren amaieratik pausu bakarrera jarri dira. Egunen batean, beharbada aurki, bueltan izango dira, ziur».