NAIZ
DONOSTIA

Dena prest daukate jada urriaren 5ean Orion ospatuko den Kilometroak egunerako

‘Erria txikota!’ lelopean, Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia ospatuko dute datorren urriaren 5ean Orion. «Dena prest, gogotsu eta irrikitan» daudela adierazi dute.

Kilometroak jaialdiaren atarian, arduradunek agerraldia egin dute. (NAIZ)
Kilometroak jaialdiaren atarian, arduradunek agerraldia egin dute. (NAIZ)

Astebete baino gehixeago falta den arren, dagoeneko dena prest daukate oriotarrek Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdia hartzeko.

Gaur egindako agerraldian, arduradunek ‘Erria txikota!’ lelopean egingo ospatuko den Kilometroak egunaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Ibilbideak 5.632 metro ditu orotara eta bost gune nagusi izango dute eta egitarau zabala prestatu dute.

«Bertoko eta inguruko taldeei eman nahi izan diegu lehentasuna; nabarmena da egitarauari erreparatuz gero», azpimarratu du Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariak.

Erronka ekimenaren bigarren edizioa ere egingo dela jakinarazi dute, Gipuzkoako 20 ikastolaren parte hartzearekin.

Horrez gain, festa ahalik eta modu jasangarrienean ospatzeko nahia adierazi dute. Aurten ere edalontzi berrerabilgarrien aldeko apustua egingo dute eta, gainera, egunean banatuko den jaki oro ontzi konpostagarrietan emango da, mahai tresneria barne.

Azkenik, Oriora hurbiltzeko asmoa dutenei garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egin diete arduradunek.