Eleberria ingelesez argitaratzearekin batera, idazle ondarrutarrak zenbait ekitalditan parte hartuko du Britainia Handian. Horrela, urriaren 15ean hitzaldi bat eskainiko du Oxfordeko Unibertsitatean, eta hurrengo egunean beste bat Londresko King's College ikastetxean.
Halaber, Uriberen eleberriaren ingelesezko bertsioaren aurkezpen publikoa urriaren 17an egingo da, Londresko Free Word kultur gunean, eta idazle ondarrutarrarekin batera Mick Felton bere editorea izango da.
Azkenik, Kirmen Uribek poesia errezitaldi bat eskainiko du eta Jon Garañoren ‘Urrezko eraztuna’ film laburra aurkeztuko du; idazle bizkaitarraren izenburu bereko poesia batean oinarrituriko filma da Garañorena. Ekitaldi hauek Londresko Language Show Live azokaren baitan izango dira, Etxepare Euskal Institutuarekin batera koordinatuta.