Udararen ostean pixkanaka abian eta indarra hartzen ari da Gure Esku Dago dinamika hurrengo hilabeteetako helburuei begira. Bilbon Eskoziako erreferendumaren bezperan ekin zion uda osteko lanari eta irailaren 27an Gasteizen egindako batzar nagusian zehaztu zituen hurrengo hilabeteetarako helburuak. Bide horretan lehen geltokia azaroaren 8an Donostian izango du ekimenak, 5.000 herritar elkartu nahi dituzte mosaiko erraldoi batean.
Zurriolako hondartzan izango da mosaikoa eta bertan aurkeztu dituzte gaur ekimenaren zehaztasunak. Mosaikoa eskoziarrei zorionak emateko, kataluniarrei animoak emateko eta «aurtengo ikasturtean egiteko ditugun lanei elkarrekin ekiteko» helburuz antolatu dute Kataluniako galdeketa izango den egunaren bezperan.
Bi herrietako adibideak oinarri hartuta Eskoziak erabakia herritar guztien topaleku dela erakutsi duela azpimarratu dute eta garbi utzi duela borondatea dela lehenengo, eta legea gero. Kataluniari begira «azken bulkadan dira eta ziur gaude honaino ekarri dituen adostasuna, elkarlana eta determinazioa bidelagun izango dituztela» dio Gure Esku Dagok mosaikoaren deialdian.
Izena ematea ezinbestekoa
Mosaikoa egiteko aterkiak eta petoak baliatuko dituzte eta parte hartzaile bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu ekimena autofinantzatzeko. Izena emateko aukera herriz herri tokiko batzordeen bidez izango du norberak eta baita internetez ere, Gure Esku Dago ekimenaren webgunean.
Goian dinamikak hedatu duen promozio bideoa. Hemen goizeko agerraldia Zurriolako hondartzan (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)