Maider Iantzi | 7K

‘Gosariak’

Zuk erabakiko duzu liburuen apalean, diskoenean edo eskultura gisa jarriko duzun, erran digu Arrasateko hirukoteak estudioko atea zabaldu eta kaxa erakustearekin batera. Entzuten den liburu bat da, irakurtzen den eskultura bat, ukitzen ahal diren abesti batzuk. Zentzumenen arteko jolasa, Goseri gustatzen zaion bezala, baina kasu honetan are gehiago. Argazki saioaren ondotik mintzatu gara taldekideekin, Ion Zubiaga «Osoron», Ines Osinaga eta Iñaki Bengoarekin, azken biak bozeramaile direla.

(Conny Beyreuther)
(Conny Beyreuther)

Hala azaldu du Ines Osinagak ‘Gosariak’ proiektuaren sorrera: «Josebari enbido bat bota genion disko laranjarekin, ea kantu bat egingo zigun. Baietz esan zigun eta zain egon ginen letra noiz helduko. Diskoa aurkeztu genuen egunean ailegatu zitzaigun mezutxo bat, lagun baten bitartez. Diskoa kalean zegoen, ez zigun letra egin eta uste genuen ez zuela ezer jakin nahi Goserekin. Baina mezua honakoa izan zen: ‘Josebak esan dit letra bat ez, nahi baduzue disko oso bat egingo duela zuekin’».

Duela bi urte, 2012ko Durangoko Azokan izan zen eta denbora pasatu zen erantzun zioten arte. Diskoa atera berri, horrek dakarren aje guztiarekin zeuden. Denbora pasatu eta berriro martxan jarri zirenean aukerari heldu zioten. Eurentzat «sekulako oparia izan da, sekulako erronka».

Iñaki Bengoak adierazi bezala, ezin dira inoiz isilik egon eta buelta eman zioten kontuari: margolaria eta eskultorea batu zituzten proiektura. Arrasatekoak dira, lagunak, gustuko zituzten euren lanak eta pentsatu zuten hiru zatiekin lan polita egin zezaketela. Ez zuen Gose izena izanen.

«Hasieratik erabaki genuen izena aldatzea ‒jarraitu du Osinagak‒. Horrek sudur puntan jartzen zitzaiguna egiteko askatasun guztia ematen zigula pentsatu genuen. Beti egin izan dugu, baina ez genuen disko hau Goseren seigarren diskoa izatea nahi. Hitz jokoa gustatu zitzaigun. Inorena ez izatea eta guztiona izatea nahi genuen».

Bengoak agertu duenez, lehen elkarlan gehiago egiten zen artisten artean eta horretara bueltatu dira, belaunaldi desberdinak elkartuz. Pintoreak eta Sarrionandia adin bertsukoak dira, Zumetaren adin eta eskolakoak. Elkartu eta ea zer pasatzen den, erraten dute. Mikel Laboak ere aunitz egiten zuen hori. Eta berarentzat ere hagitz garrantzitsua zen azala.

«Honi buruz egiten dugun lehendabiziko elkarrizketa da… Gauza asko daukagu kontatzeko eta oraindik ez daukagu oso ordenatuta. Sorkuntza arlo desberdinak nahastea gustuko ideia genuen hasieratik… Lagun iezadazue…».

Taldeko abeslariaren deiari erantzunez, hala segitu du sekuentzia eta programazioen egileak azalpena: «Hiru zati elkartu eta zer ateratzen zen ikustea zen kontua. Jakina, ezin zen ohiko CD bat izan. Pintoreetako bat eskultorea da gehiago eta bere partea eman nahi zuen».

Beti gustatu izan zaio Goseri disko fisikoa zaintzea, formatua… Baina grafikoki gauzak errateko bere moduarekin apurtu nahi zuen. Osinagak dioen gisan, «gaur egun, diskoak ez daukala inongo baliorik eta musika birtualki bakarrik kontsumitzen dugula ematen duen momentu honetan, aldarri bat da objektuaren alde. Alegia, pirateatu nahi duenak pirateatu dezala, baina ez du ‘Gosariak’ edukiko».

Bertan, margolarien lana ikusten da, gero Sarrionandiarena, eta azpian musikariena. Deskubritzen joatea, hori zen ideia. Batak bertzearen lana gustuko dute eta bakoitza bere lekuan dago, ez dira saiatzen bertzearen eremuan sartzen. Bengoak uste du hori dela trukoa.

Lanaren prozesua, hagitz desberdina. Nola lan egin duten galdetuta, «guretzat oso desberdina izan da…» hasi da Osinaga erantzuten. «Baina lagunak izaten segitzen dugu…», segitu du Bengoak, elkarrizketa osoan bezala broma ttikiak eginez.

Diskoetako letrak beraiek egiten dituzte eta beti aldarrikatu dute abestiak direla beren bidea barrenean dituzten gauzak kontatzeko. Oraingoan beren armak, mikrofonoak eta bozgorailuak, Sarriri utzi dizkiote.

Sortzaile bakoitzak eskumen osoa eduki du bere esparruan erabakiak hartzeko, baina momentu batzuetan batek, bertzetan bertze batek amore eman behar izan du punturen batean. Negoziazioa egon da. Batzuetan akordio batera heldu dira; bertzetan batek etsi behar izan du bertzea hagitz burugogor jarri delako… Horregatik izan da polita, ez delako izan «tori hamaika letra, egin hamaika abesti eta egingo dugu guk diseinua».

Letrak iristen ziren, musika jartzen zieten, kantua poetarengana itzultzen zen eta berriro aldatzen zituen letrak.

E-mailez komunikatzen ziren. Sarrionandiak oraindik ez du emaitza ikusi. Argazkiak bai. «Luxua izan da jende honekin lana egitea. Halako zerbaiti ezin zaio ezetz esan, goxoki bat da. Kaxoian geldituko balitz ere, pozik geundeke jada. Betirako gelditzen delako elkarlana», diote aho batez.

Abeslaria atzera bueltatu da: «Batzuetan testuak heltzen ziren eta musika planteatzen genion; bestetan maketa bat bidaltzen genion eta hitza jartzen zion; edo kantu pare batean berak oso argi zeukan ze abesti izango zen eta berak buruan zeukan abesti horrekin topo egitea eta ateratzea izan da gure lana». Musika laguntzaile bat izan du Sarrionandiak, Rai, eta bera ere inportantea izan da.

Azken minutura arte aldatzen zituen letrak Sarrik. Eta bat sobratu zaie.

Hori eurentzat gordeko dute. «Lana fabrikan zegoela ere aldaketak egin nahi zituen. Distantziak hori ere badu. Bera letra bat egiten ari zela gu jada prozesua bukatzen ari ginen», azaldu du Bengoak. Eta zera erantsi du Osinagak: «Baina lortu dugu distantzia horrekin apurtzea, gerturatzea eta deserritik esateko daukana hemen zabaltzea».

Letra: «Nola ez zitzaigun bururatu!» Testuak «pasada bat» diote aho batez. «Ni fana naiz», baieztatu du Osinagak. «Oso onak dira, jakina. Zer esango dugu!», jarraitu du lagunak. «Berak guk baino askoz ere hobeto esaten ditu gauzak, baina bat egiten dugu atzean dagoen ideian. Bere testuak irakurri eta esaten dugu: ‘Begira ze erraza, nola ez zitzaigun bururatu!’. Oso bisualak dira, pelikulak bezalakoak, gauzak gertatzen doaz. Lokarri bat dago, hori gabe ezingo genukeen lana egin, eta berak ikusi zuen lokarria proposamena egin zigunean».

Letrak bereak ez balira, kantuak ez ziren halakoak izanen, eta Goserentzat ez balira testuak ere ez ziren halakoak izanen.

«Letra hau hemendik doala dirudi, baina alderantziz jarriko diogu musika eta ea zer ateratzen den… Enbido! Hor dago!» Hori ere egon da. Gauzarik politena dela uste du Bengoak. Funtzionatu du. Osinagaren iritziz, hori da aberasgarria. «Ezin zaio denari baietz esan, bestela ez dago elkarlanik».


(Argazkiak: Conny Beyreuther)

Zuzeneko emanaldiak. «Egongo da ‘Gosariak’ zuzenean», baieztatu du kantariak. Eta «zuzenean, Gose izango da gehiago», zehaztu kideak.

«Hori kontatuko dizuegu. Esan ahal duguna momentuz da ‘Gosariak’ zuzenean egongo dela eta proiektu honek hasiera bat duen bezala bukaera bat edukiko duela. Alegia, iraungitze datarekin sortu da, gauza on gehienak bezala bukatu egingo da, bidean asko disfrutatuko dugu eta gero bakoitzak bere bidetik jarraituko du. Baina datorren urtean zuzenean ikusteko aukera izango duzue. ‘Gosariak’ izango da eta Goseri tokatuko zaio taula gainean defendatzea», adierazi du Inesek.

Gehiago da entzuteko Gose dantzatzeko baino. «Oso organikoa» da. «Jakina, elektronikoa da».

Lan eskuragarria egitea erronka. Artista plastikoekin ez dute hainbertze negoziatu behar izan. Ukigarri egin dituzte testu eta kantuak, dena biribildu dute. Argi zuten beraiek izan behar zutela, «onerako ala txarrerako». Lan erakargarri, polit, ukigarri eta, gainera, eskuragarria egitea zen erronka. «Ez dago dirurik mahai gainean jarri ahal duzunik hau egiteko; maitasunarekin, lan askorekin eta energia asko jarrita egiten da», adierazi du Ines Osinagak. «Jendea abuztuan oporretara joaten da eta lan hau abuztuan egina da», aipatu du Iñaki Osoronek. Garbi zuten autoekoizpena izanen zela. Esku hartze zuzena izan nahi zuten prozesu bakoitzean... Mimatu.

«Irrikaz gaude sekretu hau kontatzeko. Bi urte goaz barruan eramaten eta lortu dugu, gainera, mantentzea. Eta irrikaz gaude erditzeko, umea jaio dadila eta egin dezala bere bidea. Sorkuntzak berak, disko hau egiteak eman diguna, guretzat edukiko dugu», diote.

Lehena «Errua», azkena «Belen» Goserentzat, kantu hoberena hurrengoa da beti. Batzuk ironikoak dira, bertzeak gordinak eta zuzenak. Adibidez, argi zuten lehenbiziko kantua ‘Errua’ izanen zela eta azkena ‘Belen’. Biak trikitirik gabe.

Garbi gera dadila: «Ez egidazue kendu nire errua». Hemendik aurrera, entzuten jarraitu nahi baduzu, jarraitu. Kantu batzuek oso infantilak eman dezakete, baina atzean mezua dute. Sarrionandiaren estiloa hori ere bada, lerro artean lerroetan baino gehiago erratea. Katuei buruzko kantu sinple bat dela ematen duena, adibidez, ez da inondik inora hala.

Letra bat iristen zen aldiro harritzen zituen poetak, beti joaten zen joan ezin zela uste zuten bidetik: ‘Zoroetxeko harresia’, ‘Banku atrakatzaileak’, ‘Ana’... ‘Txalupa’-k istorio oso sinplea ematen du eta herriari kantatutako kanta bat da. ‘Non dago gure askatasuna’ ere berezia da, deserritik bertatik ailegatzea kanta bat dispertsioari buruz hitz egiten duena.

Eta, ia disko osoa eginda zegoenean... ‘Belen’ heldu zen. «Ea zerbait egiten duzuen lau orrialde hauekin! Enbido!».

Bizkaieraz kantatua, kopla neurrian… Dena zuen errateko: «Jada hamar kantu daude eta ez dugu egingo». Gernikako Marijesien historia kontatu zien idazleak: Gabon gauaren bueltan kantatzen diren herri kantuak dira, kopla batzuetan kontatzen dutenak Jesusen jaiotza. Doinu itxi eta neurtua dute. Hari horri tiraka hasi ziren musikariak, Gernikaren eta Palestinaren artean…

«Pelikula bat bezalakoa zen, engantxatu egiten zintuen, bukaera ikusi nahi zenuen…», esplikatu du Bengoak. Istorio oso biluzia eta gordina da… eta erran zuten: hor dago!

«Sei minutu eta pikuko abesti bat, neurtua, errimatua, bizkaieraz, soinurik gabe, gitarrarik gabe, bakarrik doinua, ahotsa, gordina, eta zaratak. Entzuten duzu eta esaten duzu: uf! Baina horrela atera da eta hau ere oso berezia da», agertu du Osinagak. Eta Bengoak: «Edozein kasutan, alferrik galdu ezin zen letra bat zen, ‘nola ez zait niri bururatu!’ esaten duzun horietakoa». Nola kantatuko lituzkete Marijesiak Gernikan 2.000 urte barru, nola kontatuko lukete gaur egun Jusefen semea den haur horren jaiotza Palestinako Belen herrian?

Letren ondoan bere oharrak eta gauzatxoak jartzen zituen idazleak. «Zoragarriak» ziren. Batzuetan testua bera baino hobeak iruditzen zitzaizkien, eta hauek ere partekatzea erabaki zuten. Poetari proposatu zioten eta ados egon zen. Gertatzen dena da garbiago egin zuela, eta aldatu egin zituen batzuk. «Bukaeran esan behar genion...».

«Badaude ipuintxo batzuk zuek irakurriko dituzuenak, badakigunak istorioak beste puntu bat daukala ez duzuena jakingo…», tentatu gaitu kantariak. «Kantu bakoitza doinu bat, irudi bat, letra bat, testu bat da, eta ipuin bat, kontakizun bat testuinguruan jartzen gaituena. Zer esango dizugu jaioko den gure umeari buruz!», diote hunkituta.

Hamar kantu izan behar ziren eta hamaika egin dituzte. Goseren disko gehienetan joaten da sehaska kanta bat, ahotsarekin bakarrik sortu zena, eta hari horri tiratu zioten. Baina ‘Belen’ heldu zenean, argi izan zuten disko honetako sehaska kanta bertze ume batentzat zela. «Ezin da izan: letrez gehiago hitz egiten ari gara abestiez baino!», moztu du jarduna Osinagak. «Espero dut Martinek abestiez hitz egitea…».

«Izan ere, itsusia gelditzen da norberaz hitz egitea. Errazagoa da besteez aritzea…», jarraitu du Bengoak.

New Yorken, Invictus Sound estudioan egin ditu nahasketak Tim Latham-ek. «Sekulako luxua» izan da taldearentzat halako ingeniari batek diskoa nahastea. Eta, beti bezala, Jonan Ordorikak masterizatu du Mamia estudioan. «Musikaren zatia listo!», ebatzi du sekuentzia eta programazioen egileak.

Diskoan agertzen diren izen guztiak lagunak dira. Aktore bat sartu dute, Ander Lipus. Goseren eta bere artean bazegoen harremana aitzinetik eta berak ere zerikusia izan du proiektu honekin. Daniellis Moyak koruak egiten ditu, Arkaitz Biainek ere kantatzen du, lehenbizikoz metalezko instrumentu bat sartu dute, tronboia jo du Mikel Arkauzek, biolina Marliz Gonzalezek eta teklatua Garazi Zabaletak. Soka moldaketa batzuk egin ditu Garazik. «Sekula egingo ez genituen gauzak egin ditugu, soka moldaketa batzuk eta tronboi bat! Ba bai, zergatik ez!».