@iontelleria

Ibon Fernandez Iradiren kasua jaso dute dokumental batean, Parisen erabakiaren bezperan

Ostegunean jakinaraziko du Parisko Dei Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi aske utzi ala ez, duen gaixotasun larria kontuan hartuta. Aste honetarako hainbat ekimen antolatu dituzte bere sorterrian eta tartean ‘Oihu anizkoitza’ dokumentala aurkeztu dute gaur.

‘Oihu anizkoitza’ filmaren une bat, senideak bizitakoa gogoratzen.
‘Oihu anizkoitza’ filmaren une bat, senideak bizitakoa gogoratzen.

Ordu erdian, eta «Ibon maite dugunok» sinaturik, Ibon Fernandez Iradi preso politiko lasartearraren egoera agertzen du ‘Oihu anizkoitza’ dokumentalak. Ostegunean jakinaraziko du Parisko Dei Auzitegiak Fernandez Iradi aske uztea ahalbidetzen duen ala ez eta erabaki horri begira antolatutako ekimenen baitan aurkeztu dute gaur filma Lasarten, 19.00etan Manuel Lekuonan.

Diagnostikoa ezagutu arteko ezinegonaz mintzo dira filman presoaren senideak, ospitalera eramateko izan dituen oztopoen inguruan bere abokatua, halako gaixotasun bat espetxean ezin dela artatu diote Jaiki Hadiko medikuek eta esklerosi anizkoitzak sortzen dituen ondorioen eta behar dituen zaintzen inguruan ari dira Javier Olaskoaga Urtaza, Donostiako Ospitale Unibertsarioko Esklerosi Anizkoitzaeko Unitateko koordinatzailea, eta eritasun bera duen Luisi lasartearra. Gabi Mouesca OIPeko (Presondegien Nazioarteko Behatokia, fransesez) kideak legearen arabera aske behar lukeela azpimarratzen du.

Filmak gogora dakarren moduan, 2010ean Espainiaratu egin zuten Ibon Fernandez Iradi; bi urtez izan zen Espainiako Estatuan eta orduan hasi zitzaizkion gerora esklerosi anizkoitza zela jakin zuen eritasunaren lehen sintomak. Ia bi urtez ospitalera behar zituen frogak egitera eraman gabe izan zuten eta berriz Frantziako Estatura eraman arte ez zuen diagnostiko zehatzik jaso.

Azken epaiaren zain

Denbora horretan okerrera nabarmen egin du Fernandez Iradiren osasun egoerak eta ekainean zigorra eten eta kaleratzeko epaia eman zuen Parisko auzitegi batek. Erabakia bera egikaritu ezin bilakatzen zuen baldintza bat ezarri zuen, ordea, auzitegi hark: Frantziako Estaturen lurraldean egoteko debekua, aurreko ebazpen batean ezarritakoa, kentzea.

Helegitea aurkeztu eta irailaren 25ean aztertu zuen Parisko Dei Auzitegiak kasua eta heldu den ostegunean emango du azken epaiaren berri. Hiru aukera aurreikusten dituzte senideek eta hala jaso dute dokumentalean ere. Lehena, ekaineko ebazpena atzera bota eta Fernandez Iradiri ez dagokiola osasun arrazoiengatik ezarritako zigorraren etetea erabakitzea, espetxean jarraituko luke, beraz. Bigarrena, epaia bere baitan berrestea; kasu horretan ere espetxean jarraituko luke lasartearrak, beste epaitegi batek erabaki beharko bailuke frantziar administraziopeko lurraldean izateko debekua kendu ala ez, eta horrek hilabeteetako luzatzea eragingo luke. Hirugarrena, senide eta ingurukoek desio dutena, halako baldintzapenik gabe zigorra berehala etetea.