Berastegiko Udalak aho batez onartu zuen UEMAn sartzea iragan martxoan, eta maiatzean Estatuko abokatuaren lehen errekerimendua jaso zuen. Horri erantzun arren, irailaren 1ean helegitea jarri zion Udalaren erabakiari, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakia legez kontrakoa izan daitekeela argudiatuz.
Haritz Mujika Berastegiko alkateak, UEMAko zuzendaritza batzordeko hainbat kide eta EH Bildu, EAJ eta zenbait hautetsi independentek agerraldia egin dute Donostian, Estatuaren abokatuaren «esku-hartzea» salatzeko. «Berastegiko Udalari eta bertako ordezkari politikooi dagokigu Berastegiren etorkizunerako erabakigarriak diren erabakiak hartzea, eta Carlos Urquijo ez da nor Berastegiko Udaleko osoko bilkuraren gainetik ipintzeko», nabarmendu du Mujikak.
Alkateak ziurtatu du Udalak ez duela atzera egingo eta UEMAn sartzeko erabakia epaitegietan defendatuko dutela. «Berastegiko Udala UEMAko kide da eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere», nabarmendu du.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariak jakinarazi du Berastegik UEMAren eta UEMAko kide diren beste udal guztien elkartasuna eta laguntza izango duela. «Sentsibilitate politiko ezberdinetako kideak izanik ere euskarak batzen gaitu. Eta elkarrekin euskararen arnasguneak sendotu eta zabaltzeko egiten ari garen ahalegin honetan, bat eginda babestu nahi dugu Berastegiko Udala», esan du.
Berastegiko Udalaren aurkako helegitea Carlos Urquijo buru duen ordezkaritzaren «euskararen aurkako erasoaldi orokorraren» baitan kokatu du, izan ere, «Berastegiko Udalaren aurkako eraso hau UEMAren aurkako ere bada eta, ondorioz, baita euskararen aurkako erasoa ere».
Belastegik erakunde publiko eta pribatuen inplikazioa eskatu du «euskararen arnasguneak babesteko» eta horretarako «adostasun zabala eta konpromiso zehatzak» behar direla nabarmendu du.