Euskal Herria Bildu koalizioaren izenean, Kataluniako herritarrak zoriondu dituzte Matute eta Ziarreta, Estatu espainolak ezarritako «oztopo guztien gainetik» erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa egin zutelako.
«Kataluniako gizarteak hitz egin du eta bere etorkizunerako nahi duen estatus politikoa adierazi. Espainiar demokrazia eskasaren testuinguruan balio politiko handia dauka erabakiak eta, batez ere, Kataluniako herriaren zilegitasuna du», azpimarratu dute.
Prozesu parte hartzailearen aurrean Kataluniako jendarteak «jarrera eredugarria» erakutsi duen bitartean, Madrilgo Gobernuak «demokrazia mailan dituen gabeziak» agerian gelditu direla azaldu dute.
«Ez du maila eman, ez du gaitasunik erakutsi, mehatxua izan da bere erantzun bakarra. Betoa ezarri nahi izan du, baina ez du lortu kataluniarrak isiltzea», azpimarratu dute EH Bilduko ordezkariek.
Kataluniak utzitako «lezioez» aparte, Euskal Herriak ere bere bideari ekin behar diola uste du koalizio abertzaleak. Hori egiteko, esan dutenez, bi baldintza behar dira: «gizartearen babesa eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehienen adostasuna». «Hau da, bere buruaren jabe izan nahi duen gizartea eta maila ematen duten ordezkari politikoak», gaineratu dute.
Ildo horretan, euskal gizarteari ahotsa emateko xedearekin «akordioak, konpromisoak eta konplizitateak lantzeko» ordua dela azpimarratu dute Matutek eta Ziarretak.
EH Bilduren aburuz, prozesuak ahalik eta babes handiena lortu behar du eta aldebakarrekoa izan behar da, haien esanetan argi dagoelako «Madril eta Parisek ez dutela nazio gisa ditugun eskubideak aitortzeko asmorik».
«Bere eskubide osoen jabea den subjektu bezala aitortuak ez garenean, ez dago burujabetza partekatuarentzako lekurik», nabarmendu dute.
Horregatik, aldarrikatu egin dute Euskal Bidearen ordua dela eta koalizioak bide hori gainontzeko eragileekin egiteko prest dagoela esan du.