Espainiako Auzitegi Nazionalak hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion Jone Amezagari, «terrorismoa goratzea» egotzita 2012ko Gernikako azken astelehenean pankarta bat jarri izana leporatu ondoren.
Orain dela lau egun beren kontrako atxilotze agindua eman zuten eta bere gotorlekutik mezu bat helarazi nahi izan du Errigoitiko gazteak. ‘Busturialdeko Hitza’-k zabaldu du sare sozialen bitartez eta beren kontrako muntai poliziala salatu du. «Helburua Busturialdeko eta Euskal Herriko gazteria desaktibatzea da», adierazi du.
Aldi berean, «batzuen konponbiderako borondate eza» ere agerian geratu dela gaineratu du eta «elkartasunetik konpromisora» salto egin eta «amesten dugun Euskal Herria» eraikitzeko deia egin du.
«Ideia ezin direlako kartzelaratu», azpimarratu du Amezagak.
Larunbat honetan ekimen ezberdinak burutzen ari dira Gernikan errigoitiko gaztearen kasua salatu eta ezagutzera emateko.