Ohar bidez, Bake eta Elkarbizitza idazkari Jonan Fernandezek larunbatean aurkeztu zuen espetxe politika aldatzeko ‘Zuzen Bidean’ proposamenaren inguruko irakurketa plazaratu du Sarek.
Lehenik eta behin, nabarmendu dute proposamena «oso positiboa» dela, «planteatzen dituen puntu asko gure erreklamazio oinarrizkoenak direla ikusirik». Hortaz, edukia «arretaz» aztertuko dute.
«Nabaria da jendarteak 70 urtetik gorako presoak kartzelatik askatzea, gaixo larriak etxeratzea, gurasoen eskubideak eta dispertsioaren amaiera bermatu behar direla eta beharrezkoak direla, orain», azpimarratu dute.
Hala ere, ‘Hitz Eman’ programaren harira esan zuten bezala, «mamian sartu aurretik, bere helburuetan eztabaida eta adostasuna lortzeko aurre prozedura bat zabaldu» beharko litzatekeela uste du Sarek.
Egun indarrean den espetxe politikak dakartzan eskubide urraketak azaldu ondoren, Sarek «positibotzat» jo du Lakuaren idazkaritzatik helarazitako borondatea, eta «bide komun bat garatzeko prestutasuna» adierazi du.
Ildo horretan, bi plano identifikatu ditu Sarek («estatuez gaindiko instantzien esku hartzea sustatzea zein euskal jendartearen baitan dagoen adostasun sozialaren gaineko elementu nagusien inguruan urrats berriak eraikitzea») eta dimentsio horretan lan egiteko prestutasuna adierazi du.