Maritxu Paulus-Basurko abokatuak adierazi duenez, gutxienez azken 20 urteetan ez zaio antzeko neurri administratibo hori aplikatu euskal preso bati. «Hainbat atzerritarri, adibidez erromaniei, ezarri izan zaie baina Mujikaren kasuan ez du inolako zentzurik», esan du.
Gogoratu duenez, Mujika, atxilotua izan aurretik, Ipar Euskal Herrian bizi zen eta lan egiten zuen, eta bere neska-lagunak eta semeak hiritartasun frantsesa dute. Gainera, Europako Batasuneko herritarra izaki, bertara itzultzea ezingo zaio debekatu.
Argudio horiekin helegitea ezarri dute jada neurria bertan behera gera dadin eskatuz baina erabaki arte, litekeena da larunbatean espetxetik erretentzio zentro batera eramatea. Orduan, premiaz aztertu beharko litzateke helegitea eta, gehienez ere, beste hiru bat egunez atxikiko lukete pasaitarra.