NAIZ
DONOSTIA

«Espetxe politika kriminalari STOP» lemapean abenduaren 16rako herri guztietan mobilizazioak deitu ditu Sortuk

Sortuk espetxe politika «kriminalarekin» amaitzeko asmoz, mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko herri guztietan hilaren 16rako, arratsaldez. Ekimena egun horretan bertan Auzitegi Gorenak 56 euskal herritarren espetxe zigorren luzapenak erabakitzeko eginen duen bilkuraren harira antolatu dute.

Pernando Barrena eta Amaia Izko Donostian emandako prentsaurrekoan. (SORTU EH)
Pernando Barrena eta Amaia Izko Donostian emandako prentsaurrekoan. (SORTU EH)

«Espetxe politika kriminalari STOP. Presoak etxera» lemapean herri guztietan mobilizazioak deitu ditu Sortuk datorren astearterako, hilak 16. Egun horretan bertan, Auzitegi Gorena elkartuko da 56 euskal herritarren kontrako espetxe zigorren luzapenen inguruan erabakitzeko. «Europatik datorren araua urratu edo ez» eztabaidatuko dutela adierazi dute Amaia Izko eta Pernando Barrena bozeramaileek Donostian emandako prentsaurrekoan.

Honen aurrean «bide guztiak» aktibatu behar direla argitu dute, preso hauek zigorra beteta dutela gogoraraziz. «Delitu berdinagatik zigorra bi aldiz betearazi nahi zaie», argudiatu dute. Zentzu honetan, zuzeneko arduradun egiten dute PP. «Prest daude Eropako zein espainiar Estatuko legedia urratzeko». Era berean, Mariano Rajoyren Gobernuari presioak sortzea leporatu diote, ‘Jueces por la Democracia’ elkarteak kasu.

Ildo beretik, bake prozesuan trabak jartzea leporatu diote PPri eta «salbuespenetan oinarritzen den espetxe politika eustea» dela tresna nagusia gehitu dute. Helburu horrekin Gobernuak edozein neurri zilegitzat duela adierazi dute, «sakabanaketa, isolamendua, preso gaixoak preso mantentzea», besteak beste.

Hau dela eta, presoen eskubideen aldeko borroka «indartzera» gonbidatu dute gizartea, «bake agertoki bat ezingo delako finkatu preso bakar bat espetxean dagoen bitartean».