Egun «urduri» batean egin dute agerraldia Etxerat elkarteko bozeramaleek, Auzitegi Gorenean zigorrak zenbatzeko moduari buruz egin behar duten eztabaida dela-eta.
«Tentsioa nagusi den egun honetan, beste tranpa legal bat makinatzen ari diren honetan, Etxeratetik konponbidea aldarrikatzeko eguna izango den urtarrilaren 10eko mobilizaziora dei egin nahi diogu euskal gizarteari», esan dute.
Gogoratu dutenez, hitzordua urtarrilaren 10erako dago jarrita, arratsaldeko 17.30ean.
Urtero egin ohi duten legez, aurten ere senideak ez dira bisitetara joango, Bilboko manifestazioan parte hartzeko.
«Asteburu horretan, gure bisita eskubideari uko egingo diogu. Uko? Bai, uko. Bilbon Berglingo harresia bezalakoa den espetxe politikarekin betirako amaitzeko», adierazi dute.
Etxerateko eledunen esanetan, 2015eko lehen asteburuetan errepideetan egongo badira ere, egun indarrean den espetxe politikari eta giza eskubideen urraketei hastear den urtean amaiera emateko ardura «guztiona» da, «euskal jendarteak itxaropena aldarrikatzen duelako».
Azkenik, Sarek iragarri zuen bezala, Nafarroa Gipuzkoa eta Ipar Euskal Herriko senideak Udaletxetik aterako dira zutabeetan. Araba eta Bizkaiakoek, aldiz, La Casilla izango dute abiapuntu.