Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak aintzat hartu dute EH Bilduk joan zen asteleheneko Guardia Zibilaren sarekada gaitzesteko aurkeztu duen legez besteko proposamena eta heldu den astelehenean eztabaidatuko du. Koalizio abertzalearen eskaera EAJk babestu du; PSEk, PPk eta UPyDk aurka bozkatu dute.
Julen Arzuaga legebiltzarkideak «pozgarritzat» jo du Ganberaren gehiengoak hartu duen erabakia, «Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa gaitzesteko Parlamentuaren adierazpena ahalbidetzeko norabide egokian doalako» bere iritziz. EH Bilduren helburua hori dela eta hala izan dadin akordioa lortzeko «ahalegin guztiak» egingo dituela gaineratu du.
Legebiltzarraren Diputazio Iraunkorrak eztabaidatuko du proposamena, urtarrilean berez ez baita saiorik izaten Parlamentuan. Legez besteko proposamenean jasotzen denez, asteleheneko atxiloketak «ulertezinak» direla Euskal Herria «bakea, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko esfortzuak egiten ari den testuinguru politikoan» eta, ildo horretan, «salatu beharrekoak dira, bidegabekeria hutsa eta sufrimendua baino ez dutelako ekartzen».