Jai giroan egin dute Oionen aurtengo Araba Euskaraz jaialdiaren leloaren eta logotipoaren aurkezpena.
Sokatira, zaku lasterketa eta abarrek osatutako erronkaren ondotik egin dute aurkezpena, eta iragarri dute gaurko eguneko ekimenek, jolasek eta jai giroak jarraipena izango dutela ekainaren 14an, Gasteizen, Araba Euskaraz egunean.
Antolaketa lanetan ari diren Oiongo San Bizente ikastolako arduradunek jakinarazi dute «Piztu euskara» izango dela Arabako ikastolen egun handiaren leloa eta bonbilla batek irudikatuko duela aldarri hori.
Euskararen bonbilla pizteko gonbite bat adierazten dute leloak eta logotipoak, «gure inguruan dagoena beste modu batean ikusteko».
Aurreratu dutenez, oiondarrak lan eta lan ari dira ekainaren 14an Gasteiz hartuko duen jai handia antolatzeko lanetan. Lau gune izango ditu Araba Euskaraz jaialdiak eta egun horri begira dauden batzordeetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.