NAIZ
ZIZURKIL

Joxe Arregiren kasua, «itzaletik argira» ateratzea eskatu dute

Joxe Arregi, duela 34 urte espainiar Polizia Nazioanalak torturatua izan ostean hila, omendu dute Zizurkilen ‘Torturaren egia, itzaletik argira’ ekitaldian. Modu honetan, gertatutakoaren egia jakitea aldarrikatu dute bertaratutakoek.

Joxe Arregiren omenezko ekitaldia. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Joxe Arregiren omenezko ekitaldia. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

‘Torturaren egia, itzaletik argira’ lelopean bildu dira Zizurkilen Joxe Arregi gogora ekartzeko. Zizurkildarra duela 34 urte zendu zen espainair Polizia Nazionalaren eskuetan torturak jasan ostean. Kasua argitu gabe dagoela eta, «egia osoa» jakitea aldarrikatu dute.

Torturaren aurkako ekitaldia izan da. Hasteko, Joxe Arregi ezagutu zutenek hitz egin dute, bere jarrera «zirikatzailea» eta «entzukorra» goraipatuz. «Pentsa zein handia zinen, gaur arte iritsi zarela», helarazi nahi izan diote.

Jarraian, adin desberdinetako 34 lagunek, 34 lore kokatu dituzte. Ezagutzen zutenek eta gazteeek kokatu dituzte, modu honetan guztiek bere istorioa galdu ez eta ezagutzen dutela irudikatuz.

Azkenik, idatzi bat irakurri dute iaz bere eta tortura jasan duten guztien omenez eraiki zen ‘Barnekanta’ eskulturaren ondoan. Modu honetan, gogora ekarri dute Arregi ez dagoela «biktima bezala erakundeen zerrendetan», eta, zentzu honetan, errekonozimendua eta egia eskatu dute. Era berean, duela urte batzuk Zizurkilen Joxe Arregi plaza zena eta izena aldarazi ziotena, «beti Joxe Arregi plaza» izango dela aldarrikatu nahi izan dute.