Otsailaren 28an, Donostiako Gipuzkoa plazatik manifestaldia abiatuko da ‘Oztopen gainetik euskaraz biziko gara’ lemapean. 17.30ean hasiko da «Estatuen eta nafar Gobernuaren injerentziak» salatzea helburu duen mobilizazioa.
Bergarako alkateorde eta UEMAko lehendakari den Maren Belastegik azaldu duenez, «Estatu espainiarrak EAEn duen ordezkariarekin helegiteak jaso ditugun hainbat udaleko ordezkariek» hartua dute hizkuntza-politika «aurrerakoiak» egiteko erabakia. «Oinarri-oinarrian euskarari lehentasuna emateagatik zigortu nahi gaituzte», salatu du.
Hau dela-eta, egoera honi «bat eginda» egingo diotela aurre azaldu du. Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok adierazi du Carlos Urquijo «ez dela bakarra» hizkuntza-politika aurrerakoiak egiten dituzten administrazioen aurka ari dena, eta zentzu honetan «Estatu frantziarraren ordezkari den Patrick Dallennes eta Nafarroako Gobernua ere» bide beretik ari direla azpimarratu du.
Honela, mahai gainean jarri dituzten hizkuntza-politikak gauzatzen uzten ez dietenen «jarrera salatzearekin batera, aurrera egiteko erabakia hartu duten horien jarrera txalotuko da» manifestaldian. Horregatik, Euskal Herrian bizi nahi duen guztiari joateko deia egin diote.