NAIZ
BILBO

Oposizioa egitearen alde agertu da Uriarte (Podemos) hauteskundeak irabazten ez dituzten tokietan

Roberto Uriarte Podemos-Ahal Duguk EAEn duen idazkari nagusiaren arabera, oposizioa egiteko apustua egin beharko luke bere alderdiak hauteskundeak irabazten ez dituzten tokietan, nahiz eta aitortu arlo sozioekonomikoan EH Bildurekin gertutasuna izan dezaketela.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Podemos-Ahal Duguren EAEko idazkari nagusi hautatu berria, Roberto Uriarte. Bertan, besteak beste, hauteskunde osteko itunetaz hitz egin du. Zentzu horretan, inorekin itunik sinatzearen aurka agertu da, eta hauteskundeak irabaziko ez lituzketen tokitan oposizioa egitearen alde agertu da.

Inoren «morroi» izan nahi ez dutela adierazi du Uriartek, eta eurena bezalako alderdi batek –«egun oraindik ongi estrukturatu gabe dagoena eta baliabide urriak dituena»– horretara erortzeko arriskua duela gaineratu du.

Bada, EH Bildurekin arlo sozioekonomikoan gertutasuna izan dezaketela onartu du, baina bakengintza edo normalizazio politikoari dagokionez «antipodetan» egongo liratekeela nabarmendu du.