NAIZ
GASTEIZ

Martxoak 3 Elkartea: «Beti daude justizia soziala eta askatasunaren alde borrokatzeko arrazoiak»

Santi Diaz de la Espada Martxoak 3 Elkarteko kideak, Infozazpi irratian eskainitako elkarrizketa batean, adierazi du orain 39 urteko jazoeren berri emango dutela Europako Legebiltzarrean eta, era berean, eskoletara ere eramango dituztela orduko gertaerak, «inpunitateari» aurre egiteko.

EH Bilduk ekitaldia egin du Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileen omenez. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
EH Bilduk ekitaldia egin du Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an hil zituzten langileen omenez. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

39 urte dira jada martxoaren 3ko gertaerak jazo zirenetik. Urteurrenaren harira, Santi Diaz de la Espada Martxoak 3 Elkarteko kidea elkarrizketatu du Infozazpi irratiak. Elkarrizketan, elkarteak etorkizunean eman asmo dituen urratsen berri eman du Diaz de la Espadak, eta egungo egoera politikoarekin alderatu du orduan jazotakoa.

Ordukoa «benetako ekintza terrorista» izan zela adierazi du Martxoak 3ko kideak, eta ordutik hona «gertatutakoa salatzen eta egia zabaltzen» jardun dutela gaineratu du. Egun, gertaera haren arduradunak epaitu gabe jarraitzen dutela-eta, «inpunitateak» bere horretan jarraitzen duela salatu du.

Egoera honen aurrean, Argentinak argi-izpi batzuk iritsi direla aitortu du, Maria Servini epailearen jardunaren ondorioz. Afera honek Estatu espainolari «bost axola» diola uste du Diaz de la Espadak. «Estatuak ez ditu martxoaren 3ko arduradunak atxilotzen, ezta asmorik ere. Horrek Estatu mailan dugun demokrazia mailaren inguruko gogoeta sorrarazten digu», azpimarratu du.

Europako Legebiltzarrera afera emateko asmoaren harira, xehetasun gehiago gaur bertan emango dituztela aurreratu du. Era berean, sarraskia eskoletara ere eramango dutela aurreratu du. Unitate didaktiko bat prestatu dute horretarako.

Egungo testuinguru politikoari dagokionez, Gasteizko PPren inguruan hitz egin du Martxoak 3ko kideak. «Badakite hemen jazo zena benetako terrorismoa izan zela. Fragaren seme politikoak dira eta ez dute horiekin apurtu nahi», adierazi du.

Gauzak horrela, langileriak borrokarako arrazoiak «beti» dituela aldarrikatu du. «Beti daude justizia soziala eta askatasunaren alde borrokatzeko arrazoiak», adierazi du.