Ainara Lertxundi
Elkarrizketa
MelikeYasar
Emakume kurduen ahotsa

«Emakume kurduen parte hartze politikoa Ocalani esker sendotu zen gizartean»

Melike Yasar emakume kurduen nazioarteko bozeramailea Euskal Herrian izan da Ernai eta Bilgune Feministaren eskutik, bizi duten egoeraren berri emateko.

Melkie Yasarrren aita Alemaniara joan zen lan egitera. Han denboraldi bat egon eta gero, Kurdistanera itzuli zen bizitzera. Baina, kurduek jasaten zuten errepresio egoerak behartuta, babes politikoa eskatu behar izan zuen azkenean Alemanian.

Yassarrek 6 urte zituen orduan. Hortaz, haurtzaroa eta gaztaroa Alemanian igaro zituen. Politika, hori bai, oso presente egon da beti familian. Gurasoekin kurduen aldeko manifestazioetara eta bestelako mobilizazioetara joaten zen. Eskolan, Alemaniaz kanpoko beste herrialdeetako mapak ikusi eta ikastean, ez zen bere aberria agertzen. Kurdistan ez zen testu liburuetan existitzen. Horrek ezinegona sorrarazten zion, ez baitzuen bere burua identifikatuta sentitzen ikusi eta ikasten zuenarekin. Eta ezinegon horrek militantzia politikora bultzatu zuen.

Abdullah Ocalan 1999an atxilotu zuten unea inflexio puntua izan zen Yasarrentzat, nahiz eta, esan bezala, politika beti oso gertutik bizi izan aurretik ere. «Guretzat Ocalan kurduen askapen borrokan izandako pertsonarik garrantzitsuena da. Atxilotu zutenean, ohartu ginen ezin geniola ordura arte jarraitutako bideari eutsi; eskolaz haragoko zerbait egin behar genuela pentsatu genuen gazte askok, tartean nik neuk. Ordura arte, mobilizazioak gure kulturaren defentsa hutsera bideratuta zeuden. Hori nahiko ez zela ikusi genuen Ocalan bezalako lider bat atxilotzen zutela ikusita». Eskola utzi eta politikan murgildu zen.

Emakume kurduen egoerari eta parte hartzeari buruz galdetuta, Ocalan «emakumeen ahalduntzean ezinbestekoa» izan dela adierazi du. «Emakumeen partaidetza eta berdintasunaren alde egin zuen. Kontuan hartu behar da gurea oso gizarte kontserbadorea dela. Baina Ocalanek egin zuen deialdiaren ondotik, emakumeek PKKren baitan zuten esku hartzea asko indartu zen», nabarmendu dio GAUR8ri Yassarrek.

Ernai eta Bilgune Feministaren eskutik izan da Euskal Herrian Yassar, emakume kurduen egoeraren berri eman eta feminismoaren erronkei buruz elkarrekin hausnartzeko. «Emakumeen lan militantea eta parte hartzea Ocalanen eskutik joan ziren gorpuzten gizartean. Emakumeok gure buruari galdetzen hasi ginen zer-nolako papera jokatu behar genuen kurduen defentsan. Presentzia gehiago aldarrikatzen hasi ginen. Prozesu hori Ocalanen mezuari esker eman zen».

«Kurduak izan ginen emakumeen eskubideen eztabaida Turkiako Legebiltzarrean planteatu genuen lehenak. Egunerokotasuna nahiko tristea da gure herrian; bortxaketak eta eskubideen urraketak ohikoak dira. Baina, kurduei esker, gai horiek eguneroko agendaren parte bihurtu dira erakundeetan, Legebiltzarrean, Gobernuan, baita udaletan ere. Piramide osora heldu da eztabaida», adierazi du. Hori bai, emakume kurduen egoeraz gain, beste hainbat auzi ere jorratu ditugu Yasarrekin, tartean Estatu Islamikoaz eta Kobaneko egoeraz aritu gara.

Alemanian eta Europan urte ugari daramatzazu. Zer-nolako jarrera topatu duzu?

“Erakunde terroristen zerrendan” sartu zuten PKK 1993an. Gogoan dut oraindik garai horretako aldizkari alemaniar batean ikusitako karikatura bat. Ume bat ikus zitekeen, hankaz gora zegoen gela batean. Den-dena txikituta zegoen. Umeak «kurduak izan dira» oihukatzen zuen. Hala ikusten zituen Europak kurduak garai horretan. Karikatura horrek islatzen zuen irudi okerra ezabatzen ahalegindu ginen eta Europako herrialdeak ulertuz joan ziren gure nazio propioa besterik ez genuela aldarrikatzen. Kobaneko egoerak Europar Batasuneko herrialdeak Koban bertako eta beste eskualde batzuetako erakunde ofizialak onartzera behartu ditu. Posizio bat hartzera behartu ditu. Hein handi batean, Kobaneko egoerak gure erakundeek laguntza jasotzea ahalbidetu du. Esan behar dut, hori bai, beste nazioek kurduei “ofizialtasuna” aitortzea garrantzia galtzen joan den auzia dela; bigarren plano batera pasa da. Aldaketak beste bide batetik etorri behar du. Gatazka zonaldeetan etnia ezberdinak batzea lortu dugu, horiei babesa eman diegu, gure arteko elkarlana sendotuz. Hori da gakoa.

Nola baloratzen duzu Ameriketako Estatu Batuek kurduei Estatu Islamikoaren kontra aritzeko armak ematea?

AEBekin elkarlana 2003an hasi zen. Saddam Husseinen kontra elkarrekin borrokatu genuen, Hego Kurdistango autonomiaren truke. Rojavan, hirugarren bide bat hartu dugu: ez Al-Assaden erregimenarekin, ezta aliatuekin ere. Konfederazio propio bat lortzen saiatuko gara bertan. Estatu Islamikoa erabat artifiziala da; 2003an asmatutako proiektua da. Hor dauden asko Saddam Husseinen soldadu izan ziren. Inperialismoak asmaturiko estrategia da zonaldea bere kontrolpean izateko. Turkia, Saudi Arabia, Qatar eta Jordaniaren laguntza ekonomiko eta logistikoa izan du Estatu Islamikoak. Irakeko mendikate batean borroka garrantzitsu bat galdu eta Kobanerako bidea hartu zuen Estatu Islamikoak, erresistentziarik topatuko ez zuelakoan. Eta Turkiak sartzen utzi zion. Inork ez zuen espero kurduek hain gogor erantzungo genuenik. Gure xedea konfederalismo demokratikoa Kurdistango herrialde guztietan eraikitzea da.