@arianekamio
Donostia

Aitortzaren kronika

Joan Mari Irigoienek ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ kaleratu berri du. 2012 eta 2014 urteen artean idatzitako poesia bilduma da, esklerosia diagnostikatu ziotenetik idatzitakoa.

Joan Mari Irigoien, ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ lanarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Joan Mari Irigoien, ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ lanarekin. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Aitortza egin du Joan Mari Irigoienek. 2012an esklerosi lateral primarioa zuela diagnostikatu ziotenetik aurrera idatzitako poesia bilduma da, baina badu kronikatik eta baita narratibatik ere. ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ bi urtetan ondu du idazle donostiarrak, 2014ra arteko kronika bat da. Endekapenezko gaixotasunaren berri izan zuenean abiatzen da, eta ondoren izan zuen depresioa ere sartzen du tartean. Amaieran, baina bada argi izpirik. Bizitza beste ikuspegi batetik nola begiratu.

Andu Lertxundik lagundu dio aurkezpenean Irigoieni eta gaixo dagoela jakin zuenetik hura onartu eta bizimodua planteatzeko era berriak aurkitu bitarteko kronika egiten du. «Zergatik ni? galdera planteatzen du hasieran eta, amaieran, zergatik ez ni? galderari erantzuten dio. Bi galdera horien arteko bidea da kontatzen duena. Aitortza bat, azken batean».