«Korrikak egiten jarraitu behar luke, baina ez luke helburu ekonomikorik izango»
Prestaketa lanei azken ukituak ematen harrapatu dugu Asier Amondo (Laudio, 1969). Gaur Urepeletik abiatuko den 19. Korrika lehenbizikoa izango du arduradun legez. Edurne Brouarden eskutik jaso du lekukoa, ardura handia dela aitortuta ere, gogotsu dago gaurko bideari ekiteko.
Prest al duzue guztia?
Azken zertzeladak ematea falta zaigu, azken kontuak lotzea. Jendea kilometroak erosten ari da herri eta herrialdeetan, martxa onean; kilometro eskari handia dago, horrek esan nahi du jendea gogotsu dagoela Korrika beraien herrietatik pasatzeko. Hori pozgarria da AEKrentzat eta Korrikarentzat. Jendea gogotsu dago bai Korrika Urepelen hasteko bai Bilbora iristeko ere. Gure aldetik hori, azkeneko zertzeladak ematea, falta da, baina ia guztia prest dugu.
Korrika batzordean lehenagotik ere bazeunden arren, aurtengoa lehenbiziko Korrika izango duzu arduradun bezala. Urduri?
Urduri bai, tentsio puntu hori igartzen dut, eta eguna hurbildu ahala gehituz doa, gainera. 14. Korrikatik Korrika batzordean egon naiz, eta bueno, bizipenak antzekoak dira, baina erantzukizun handiagoa dut orain. Korrika oso gauza inportantea da Euskal Herriarentzat eta, beraz, ezinbestekoa da guztia ongi ateratzea, eta mundu guztia pozik geratzea.
Aurrelanketatik igarriko zenuen lan gehiago ezta?
Bai, pixka bat aldatzen da, orain Korrikaren aurpegia naiz-eta. Elkarrizketak egin behar izan ditut irrati eta prentsarako, eta abar. Ikusezin izatetik bisualizatua izatera pasatu naiz, gauzak asko aldatu dira.
19. Korrikaren leloa «Euskahaldundu» da. Zer transmititu nahi duzue?
Ez da guk asmatu dugun kontzeptu bat, guk egin duguna gurera ekartzea izan da. Azken finean, ahalduntze kontzeptua 60ko hamarkadan AEBetako beltzek erabili zuten Empowerment kontuarekin; gero, 80ko hamarkadan feministek ere beren egin zuten. Eta guk gurera ekarri dugu. «Euskahaldun» izatearekin guk dioguna da euskaldunak izatea nahi dugula. Horretarako, ahalduntze kontzeptua lantzea da gure apustua, indar metaketa eta indar biderketa egotea. Honen atzean Euskal Herrian oso ezagunak diren beste bi kontzeptu daude, auzolana eta elkarlana. Elkarlana gauzatu behar da gizartearen eragile diren esparru guztien artean, erakunde, sindikatu, alderdi politiko, eta abarren artean; auzolana ere landu behar dugu, norbanakoon lana ere bideratu behar delako.
Aurtengo edizioko omendua Durangoko Azoka izango da. Zergatik?
Aurten 50 urte beteko ditu Durangoko Azokak, eta guk uste dugu ahalduntze kontzeptuaren adibide izan dela eta dela Euskal Herrian; Korrikarekin batera, adibide nagusia, esango nuke. Izan ere, hasi zenean, Durangoko Liburu Azoka zen; ostean, Liburu eta Disko Azoka izatera igaro zen, eta egun, Kultur Azoka da. Euskal Herrian kultur arloan egiten denaren erakusleiho nagusietako bat da, eta guk hori aldarrikatu nahi dugu. Zabaldu eta aldarrikatu nahi dugun ahalduntze kontzeptuarekin bat egiten dugula uste duela ikusi dugu hor.
19. Korrika honek Urepel eta Bilbo batuko ditu. Sinbolismotik badu pixka bat horrek, ezta?
Bai, eta hori nahi gabe sortutako kontua da. Bilbon amaituko zela erabaki egin genuen. Hasieretarako, berriz, badugu idatzi gabeko lege bat: Azken Korrika amaitzen den herrialdean hasi behar du hurrengoak. 18. Korrika Baionan amaitu ostean, hau Urepeletik hastea erabaki genuen. Egia esan, sinbolismoa ematen dio horrek, nekazaritza gune batetik Euskal Herriko metropolira helduko gara; Xalbador eta Gabiel Aresti ere lotuko ditugu bide batez. Bilbon amaituko dugu, baita, bertan euskalduntze maila handiagoa nahi dugulako; portzentualki, Bilbo ez da hain handia euskaldun kopuru handia izan arren.
Asko aldatu da Korrika 35 urtean?
Bai, gauzak asko aldatu dira. Lehengo Korrika artisau lana zela esan izan dut beti: kilometroak margotu egin behar izaten ziren, kotxean gora eta behera ibiltzen ginen... guzti horrek lana eta denbora eskatzen zuen. Orain, teknologiek asko erraztu dute, aurreikuspen ugari egin daitezke. Pentsa, lehen argazkilariek egunero toki zehatz batera joan behar izaten zuten argazkien errebelatua egitera, eta gero bidali egin behar izaten ziren. Gaur egun, ordenagailu eta internetekin ia momentuan bertan egon daitezke argazkiak komunikabideetako bulegoetan.
Euskal Herriko auzolan adibiderik argienetako bat da Korrika, halaber. Harro?
Bai, AEKn harro ikusten dugu Korrika. Sentimendu ezberdinak batzen dira kilometro bakoitzean: negarra, emozioa, barreak, malkoak... AEK bizi dugunontzat ekimen garrantzitsuena da. Baina pentsatu behar duguna da guk bakarrik ezingo genukeela egin, ezta AEK-k bere kabuz ere. Honen atzetik kristoren lana dago, herrietako Korrika batzordeetan dabiltzanak, lantaldeak... auzolanaren adibide gorenetako bat da Korrika bera. Pentsaezina da Korrika Urepelen hasi eta Bilbon amaitu ahal izango litzatekeela atzean dagoen jende guzti horren inplikaziorik gabe, bai zuzenean antolaketan dabilen jendearen lan hori gabe, bai modu batean edo bestean parte hartzen dabiltzanena gabe.
Sinbolismo eta festatik harago, Korrika babes ekonomikoa ere bada...
AEKrentzat Korrika bi urterik behin egiteak hauspoa da. Gaur egun bizi dugun egoera ez da onena: EAEn diru laguntzak ez daude formalduak, Nafarroan ez da existitzen laguntzarik eta Iparraldeko diru laguntza lerroak ez dira nahikoak, oraindik ere. Hortaz, Korrika hauspoa da; AEKri bermea ematen dio bi urtez kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Arlo guztietan, kalitate maila hori bermatzeko beharrezkoa da, irakaskuntzan, normalkuntzan, Berbalagunetan...
Edurne Brouarden eskutik hartu duzu arduraduna izateko lekukoa. Eman dizu gomendiorik?
Gomendioak bai. Batez ere, lasai egoteko esan dit; gauzak atera, beti ateratzen direla, nahiz eta une batzuetan momentu txarrak biziko ditugun. Taldearen lanaren balioari esker, aurrera egingo dugula. Edurnek urteotan egin duen lana eskertzekoa izan da, hainbat Korrikatan egon da eta. Orain niri dagokit eta sopitak eskatzen dizkiot behar dudanean; gure arteko komunikazioa zuzena da eta laguntzeko prest dago, beti. Orain, azken egunak diren hauetan lasaitasuna mantentzeko eta lasai egoteko esan dit, guztia ondo irtengo dela.
Korrikak gorabeherak izan ditu, baina joera gorakorra du 35 urte eta gero. Zeintzuk lirateke hurrengoetarako erronkak?
Korrikak erronka nagusi bat du: Korrikak egiten jarraitu behar luke, baina ez luke helburu ekonomikorik izan beharko. Helburu hori lortuta, euskaltegien egoera normalduta legoke Euskal Herriaren luze eta zabaleran. Beraz, Korrika hori ospakizun eta sustatze ekimen bat izango litzateke, denok gauzak ondo egin ditugun seinale izango litzateke, eta nik uste dut erronka nagusiak hori behar lukeela. Korrika mantendu behar dugu bizirik urteetan edota mendeetan, zergatik ez? Baina beti ere jai kutsu hori harturik, euskararen egoera normaldua dagoelako eta euskaraz bizi garen herri bat garelako.
Azkeneko mezurik?
Martxoaren 19an (gaurko hitzorduaz) ahalik eta jende gehien batu behar gara, eta Bilboko eguna ere ahalik eta arrakastatsuena izatea lortu behar dugu. Herri bat martxan dagoela adieraziko dugu horrela.