NAIZ
DONOSTIA

Euskararen eta aniztasunaren aldeko aldarriak, Korrikaren baitan bat eginik

EH 11 Kolore ekimenak Aniztasunaren Korrikaldia egin du Korrikaren baitan eta euskararen alde eta arrazakeriaren aurkako mezua bidali du. Erakunde eta herri mugimenduetako ordezkariak presente izan dira, jatorri eta kultura desberdinetako elkarteekin batera.

Aniztasunaren Korrikaldia, Irunen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Aniztasunaren Korrikaldia, Irunen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herria gurutzatzen ari den Korrikaren baitan, bost kilometroko korrikaldia deitu du EH 11 Kolore ekimenak, euskararen aldeko aldarriari arrazakeriaren aurkakoa batzeko.

EH 11 Koloreko ikurra den Burubeltzek ere ez du hutsik egin, Euskal Herri anitza irudikatzen duen hamaika koloretako ardiak eraman baitu lekukoa Fermin Muguruzarekin batera.

Aurretik, parte hartzaileek argazkia atera dute Bernardo Atxagaren ‘Minutu bateko manifestua’ jasotzen zuen pankartarekin. Ondoren, 30 hizkuntza baino gehiagotan ‘gora aniztasuna’ aldarrikatu dute.

EH 11 Kolore ekimeneko koordinatzaileak nabarmendu du «bizikidetza aniztasunean» aldarrikatu nahi izan dutela, arrazakeria eta xenofobia baztertuz eta euskarari babesa emanez. Lakuako Gobernuko, Udalbiltzako, Gipuzkoako Aldundiko eta eragile desberdinetako (SOS Arrazakeria, Gora Gasteiz...) kideak egon dira presente.