KORRIKAKO FURGONETAN, ETXEAN BEZALA
Mikel Urkia errenteriarrak etxeko zapatiletan egiten du Korrika osoa, furgonetan «etxean bezala» sentitzen delako. Korrikak iraun bitartean furgoneta etxe bihurtzen dutenetako bat da, Korrikaren gau eta eguneko taupada zaintzen dutenetako bat.
Honezkero furgonetan izango da, topera lanean eta topera gozatzen. “Korrikologoa” da, Korrikan aditua. Pasioz hitz egiten du, detailez, indarrez hain berezia zaion ekitaldi horri buruz. «Urtero antolatuko zenuke?». Erantzuna, zuzena, «urtero ez, astero». Oiartzunen harrapatu dugu Mikel Urkia Matu errenteriarra, Korrika abiatu bezperatan furgonetak prestatzen. Eskuak koipe beltzarekin zikinduta, poltsikoak torlojuz eta erremintaz, GAUR8rekin eseri da une batez bere bizitza Korrikatan errepasatzeko.
«Gogoan seguru daukat lehenengo Korrikaren irudia. Bigarrena, herritik sekulako atzerapenarekin pasatu zela. Hirugarrena, lagun batekin Bilbora joan nintzen amaierara. Laugarrenean, AEKn nengoen ikasle. Eskubaloian nenbilela hanka puskatu nuen eta astebetean hirutan aldatu behar izan zidaten igeltsua, denak puskatzen nituelako. Azken kilometroa herrenka egin nuen, Iruñean, igeltsurik gabe. Geroztik orkatila sekula ez zait ondo jarri. Baina berdin dit, oso oroitzapen ona daukat. Bosgarrenean dagoeneko irakaslea nintzen AEKn, aurretik alfabetatzen aritu eta gero. Ordurako sekulako grina hasi zitzaidan pizten, eta furgonetan Korrika osoa gustura egingo nukeela pentsatzen hasi nintzen».
Eta iritsi zen zortzigarren Korrika, 1993an. Horixe izan zen Matuk osorik furgonetan egin zuen lehena. «Talde bat osatu genuen, toki guztietako jendearekin. Orain oso lagunak gara eta Korrikan ezagutu genuen elkar. Berehala hasi ginen furgonetan egin beharreko hobekuntzekin pentsatzen».
Hasierako furgonetak oso baxuak ziren eta barruan ez zuten ezer, ez altzaririk ez ezer. Lurrean eserita edo etzanda joaten ziren antolatzaileak eta kazetariak. Megafoniarik ere ez zuen, bozinek eta sirenek ematen zuten Korrika bazetorrenaren abisua. «Sorgailu elektriko bat behar genuela pentsatu genuen. Nik banuen bat baserrian eta huraxe ekarri nuen. Furgonetaren barruan jarri genuen. Pentsa, ke guztia tragatzen genuen barruan geundenak. Hasieran, gainera, ateak jarrita eramaten genituen. Lehen aldiz Korrika bederatzian kendu genituen ateak, eta askoz hobeto. Esandakoa, Korrika zortzian megafonia hobetu genuen, baina ez genuen apenas musikarik eraman. Bi kasete bakarrik genituen, ‘Les Mecaniciens’ eta Korrikaren abestia, ‘Aide Korrika’. Beraz, bi abestitik bat Korrikako abestia zen, kalkulatu. Eta, hala ere, gehien gustatzen zaidanetako abestia da hori, Tapia eta Leturiarena».
Edizioz edizio joan dira hobekuntzak sartzen, «geroago sorgailu bat beharrean bi jarri genituen, tarteka atseden har zezaten. Bestela, su hartzeko arriskua zegoen. Gainera, nahiz eta sorgailuak barruan eraman, kea kanpora botatzeko sistema ere jarri genuen. Hala ere, esan beharra dago sekula ez dugula surik izan». Megafonian ere hobekuntzak izan ziren. Hasiera batean zintzilik eramaten zituzten bozgorailuak eta Korrika 9-10 buelta horretan furgonetaren goiko aldera aldatu zituzten. Urterik urte hobetuz, eta bukatu orduko burua hurrengo edizioan jarriaz, iritsi zen Mikel Urkia 12. Korrikara, «lehen faseko nire azken korrika».
Korrika kartzelako patioan
Bost urte eta bost egun eman zituen Euskal Herritik kanpo, eta Korrika zuzenean bizitu gabe. «‘Pobre de mi’ batekin joan nintzen eta uztailaren 18an bueltatu nintzen, ‘Altxamenduaren Egunean’. 2001-2006 bitartean izan zen. Alde egin eta hurrengo urteko urtarrilaren 31n atxilotu gintuzten; Cruz Arrozpide, Ainhoa Barbarin, Josu Ordoñez, Xabier Zabalo eta Txus Martin –bereziki nabarmendu nahi izan du larri gaixo dagoen preso basauriarra–».
Lau urte, bost hilabete eta hamalau egun eman zituen kartzelan. Aldi horretan bitan baino ez du korrika egin patioan; 2003ko Korrikan eta 2005ekoan. «Patio ordutan erosten genuen kilometroa eta bertan egiten genuen korrika. Kartzelan egin dudan ariketa fisiko bakarra izan da. Ezagutzen nautenek badakite ‘Matu’ eta ‘kirola’ esaldi berean elkartzea zaila dela. ‘Matu’ eta ‘torlojuak’ eta ‘kableak’ eta halakoak bai, horiek beti dabiltza elkarren bueltan».
Erositako kilometro horretan, patioan Matuk eta berekin zeuden preso politikoek egiten zuten korrika; kalean, aldi berean, beren senide eta lagunek. Baina errenteriarrarentzat ez zen nahikoa, gainontzeko kartzeletara ere sartu nahi zuen Korrika. «Okurritu zitzaigun Txalaparta Irratiaren konexioaren parean tokatzen zen kilometroa erostea. Hartara, irratiaren bidez Korrika kartzeletara sartzea zen helburua. Desastre atera zen, konexio txarra, kobertura eskasa... lehen saiakeran apenas entzun genuen ezer. Bigarren aldian hobetoxeago joan zen, zeozer entzun genuen. Geroztik, ja kalean nengoela, berriz egin izan dugu saiakeraren bat, eta hobeto. Baina ondo-ondo ez zaigu atera inoiz».
Kartzelan zegoenean, Korrikaren “bitakora”, ibilbide zehatza urratsez urrats, lortzea izaten zen bere lehen helburua. Hori eskutan ematen zuen eguna. «Une oro jakiten nuen non zegoen Korrika, eta lagunei aipatzen nien. ‘Orain hemen edo han dago’. ‘Nahi duzu jakin zure herritik noiz pasako den?’».
Preso egon zen lau urte, bost hilabete eta hamalau egunetan, ez zitzaion faltatu izan ‘torloju eta kable planik’. «Bi jomuga nituen. Bata, ateratzean gure baserrian egin behar nituen hobekuntzak. Eta, bigarrena, zer hobetu behar genuen Korrikan. Etengabe buruan neuzkan bi horiek eta planak egiten nituen».
Berez, hamahirugarren eta hamalaugarren Korrikan ez zen furgonetan egon Matu. Ez zuen presentzia fisikorik izan, baina egon egon zen. «Hamahirugarren Korrikan nire taldekoei txapelak josi nizkien kartzelan. Amak txaleko antzeko bat egin zidan feltroz, eta horrela lortu nuen oihala barrura sartzea. Eta feltro horrekin txapela bana josi nien, Korrika 13ko logotipoa brodatuta. Jostea gustatzen zait». Berak jositako txapelak eta etxeko zapatilak bidali zizkien Korrikako bere taldekoei. Izan ere, Maturen ezaugarri garrantzitsu bat horixe da: etxeko zapatiletan egiten du Korrika osoa furgonetan, «Korrikan etxean bezala sentitzen naizelako».
«Tokirik bada niretzat?»
2006an bueltatu zen Euskal Herrira, «energiaz eta planez beteta». «Askotan gertatzen da kartzelan egindako planak gero ez egitea. Baina ni egoskorra naiz, eta baserriarena eta Korrikarena bai edo bai egin behar nituela oso garbi neukan». Eta Korrikara bueltatu zen 2007an. «Galdera egin nuen, ‘tokirik bada niretzat Korrikan?’. Baietz esan zidaten eta aurrera».
Eta berriz igo zen furgonetara, sekula jaitsi izan ez balitz bezala. Geroztik hobekuntza asko izan dira furgonetan. «Aurreko Korrikan GPSa jarri genion furgonetari. Hartara, web orrialdearen bidez edonork une oro jakin zezakeen non zegoen Korrika. Baina bi furgonetak txandatu egiten ziren, eta ahaztu egiten zitzaigun GPSa batetik bestera aldatzea. Agian joaten ginen gasolindegi batera, ibilbidetik kilometro batzuetara, eta webgunera sartzen zena erotu egiten zen ez ginelako zehaztutako ibilbidearen barruan. Horregatik, orain aurreko furgoneta ez da aldatzen, beti berdina da. Eta horrek darama GPSa. Eta ez dauka gasolindegira joan beharrik, martxan dagoela botatzen diogu erregaia. Bidoietan ekartzen dugu gasolioa, martxan gaudela igotzen ditugu bidoiak eta martxan dagoela betetzen dugu. Furgoneta nagusiak egiten du ibilbide osoa salbuespen txiki batzuk kenduta. Esaterako, tunel oso baxuak direnean eta ez denean kabitzen. Horrelakoetan beste furgoneta prest egoten da tunelaren beste aldean eta une txiki batez aldaketa egiten da. Baina ahal bezain pronto bueltatzen da furgoneta nagusia Korrikaren burura. Beste salbuespena zenbait herri txiki dira, kale oso estuak dituztenak. «Horietan furgoneta ez da kabitzen eta kanpoan geratu behar du ezinbestean». Eta itsasoak edo ibaiak ere hor daude. Korrika batzuetan txalupaz pasatzen da alde batetik bestera, eta, horrelakoetan, bistan denez, furgonetak beste bide alternatiboak topatu behar ditu.
«Furgoneta nagusia, aurrekoa, beti bera eta bakarra izateak badauzka bere arriskuak ere: matxura izatea, kasu. Horregatik bi furgonetak berdin-berdinak dira, beharra izanez gero atzekoa aurrera pasatu eta normaltasunez segitu ahal izateko», kontatu du Matuk. Aurreko furgonetak Korrika tiraka eramaten du. Atzekoak, enkarguak egiten ditu; jatekoa, gasolioa, aldian-aldian behar dena. Bada, hala ere, bi furgoneten arteko desberdintasun bat: atzekoak komuna dauka. «Batez ere, neskentzat. Mutilentzat erraza da; furgonetatik salto egin, pixka bat aurreratu, egin beharrekoak egin eta bueltan furgonetara igo. Baina konturatu gara neskentzat ez dela hain erraza, denbora gehiago behar dute eta maiz larri ibiltzen dira berriz furgonetara bueltatzeko. Hori ikusita, garbi esan genuen: atzeko furgonetan komuna jarri behar da». Eta pentsatu eta egin, hobekuntza guztiekin edizioz edizio egin duten modura.
«Pribilegiatua sentitzen naiz»
«Ni pribilegiatua sentitzen naiz. Jendeak ezin du imajinatu ere egin zer sentitzen dugun Korrika furgonetan egiten dugunok; zenbat aldiz egin dugun negar, zenbatetan barre... Nik beti esaten dut ez dakidala zein den Korrika munduari saltzeko formula, baina munduan ez dago horrelakorik. Korrikaren Hemingway behar dugu, hau zer den munduari azalduko diona. Ze hau ezin da ulertu», iritzi dio Matuk. Pentsa, finean, zer da Korrika? Mezu bat Urepeletik Bilbora eramateko (200 kilometro inguruko distantzia), hamar egun, 2.500 kilometro eta milioi bat lagun inguru lekuko bat eskuz esku eramaten. Eta, gainera, lekuko hori eramateko ordaindu egiten dute. «Gaur egun mezu bat Urepeletik Bilbora bidaltzeko segundo pare bat nahikoak dira, mezu elektroniko baten bidez, adibidez. Korrika erabat kafkianoa da zentzu horretan, ez dauka parekorik», nabarmendu du Matuk.
Euskararen aldeko ekimena da Korrika. Baina hori gainditu ote duen susmoa dauka Matuk: «Herri honen nortasunaren zeinu bat bihurtu dela iruditzen zait. Denetarik ikusi dut nik; jendea lekukoa hartu eta negarrez, hunkituta, musukatzen, batzuei erori egiten zaie emozioarekin ezin dutelako eutsi...».
Bai, gauza asko aldatu dira hasierako edizio haietatik. Furgonetan hobekuntzak izan dira urterik urte, antolakuntza fintzen joan da, baina furgonetaren barrukoak eta kanpokoak apenas aldatu diren. Herri baten euskarazko taupada markatzen duten bozgorailuak, eta, asfaltoa erritmo horretan zapaltzen duten pausoak, berdinak dira lehen eta orain.
Hurrengo Korrika, 20. edizioa, martxoaren 29an hasiko da antolatzaileentzat.