@gara_miantzi

Albaolatik Zumaiara Donostian barna, energiaz kargatuta

Bete-betea dator Korrikaren laugarren eguneko kronika ere. Albaolan ernatu eta Zumaiara arte, mila bitxikeria gertatu dira. Goizekoarekin hasita, 8.00etan, egurrak egurrari pasatu dio lekukoa, Jon Maiak azaldu bezala, Pasai San Pedroko itsas bazterreko paraje berezia testigu. Hala, herri honen bi ordezkari handik, Albaolak eta Korrikak, bat egin dute.

Pasai Donibanetik San Pedrora txalupaz pasa –motordunean, ez arraunean, denbora aintzinatzeagatik batez ere–, eta itsas kultur faktoriaren barrenetik itzulia egin du AEKren lasterketak, egur eta itsaso usainez elikatuz.

Handik, Donostiara, eta benetan jendetsua eta hunkigarria izan da Korrikaren pasatzea auzo guztietan: Altza, Egia, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin, Martutene… Azken hauetan, berriki uholdeek hartutako kaleak Korrikak goxatu ditu.

Amarako txaloen laztana jaso eta Anoetako estadioa agurtu dute euskahaldunek, Errealaz galdetuz. Geroago, futbol taldeko jokalariek hartu dute lekukoa. Kolore ugaritako politikariek ere bai, EAJtik hasi eta EH Bilduraino, PSE barne. Udaletxera iristean Udal taldeak egin du bere kilometroa, Juan Karlos Izagirre buru, eta Batzar Nagusietako ordezkariek ere osatu dute eurena, Lohitzune Txarolarekin. Sindikatuek, elkarrekin heldu diote testiguari.

Alde Zaharreko uneak bereziak izan dira. Bi furgonetek kanpoan itxaron dute, eta korrikalariak beren kabuz ibili dira kalean goiti eta beheiti. Arraunlariek arkua egin diete.

Donostiatik, Lasarte-Oriara. Bertan, bertzeak bertze, Uribe familiak bete du 726. kilometroa, zendutako semearen omenez. Usurbilen, Orion, Zarautzen… energia positiboz betetzen segitu du martxak, pozez elikatzen.

Getariarako bidean, olatuak ere sartu dira lasterkarien artean, itsasoa ere aztoratuta dagoelako. Getarian, txarangak eta alaitasun bete batek hartu ditu; Zumaian joaldun, animo eta agur beroek… Errandakoa, energia positiboa alde guztietatik.