Arantxa MANTEROLA

Departamenduko bozen lehiaren lehen itzulia

Departamenduko ordezkariak hautatzeko lehen itzulia gaur izango da Ipar Euskal Herrian ere. Kanpaina, oro har, oso makal joan da. Besteren artean, hauteskunde sistemaren aldaketen ondorioz, abstentzio handia aurreikusten da. FNk izan lezakeen gorakada ere bereziki behatuko da.

Hautagaiak eta hedabideak herritarren interesa pizten saiatu diren arren, departamenduko ordezkariak hautatzeko kanpaina, oro har, gatzgabea izan da, baita Ipar Euskal Herrian ere. Hauteskunde sisteman izan diren berrikuntzek eta departamenduko kontseiluek atxikiko dituzten eskumenen gaineko ezjakintasunak giroa moteldu egin dute lehenaz gain.

Inkesta guztiek aurreikusitako parte hartze eskasa eta FNk izan lezakeen gorakada dira presente egon diren gai nagusiak. Hain zuzen, eskuin muturreko alderdiko hautagai batek, zehazki Bidaxune-Amikuze-Oztibarren aurkeztutako Pierre Perezek bere Facebook-eko kontuan egindako adierazpen batzuek berotu dute zertxobait giroa azken momentuan. Kutsu «arrazista» izan dezaketelakoan sua piztu da berriro, Uztaritzeko kantonamenduan hautagai izan behar zuen bere kide batek kanpaina aurretik egin zuen moduan. Azkenean, FNko zuzendaritzak hautagai hori erretiratu egin zuen.

Motel ibili den beste bat PS bera izan da. Egun Paueko Kontseiluko gobernuan badago ere, indargabe azaldu da kanpaina honetan. Departamenduko erakundean bere buruzagi izango dena ere ez dute aurkeztu.

Eskuinak eta zentroak ofizialki hitzarmen bat egin zuten, hain zuzen, 2011n sozialistek kendu zieten gehiengoa berreskuratzeko. Alta, hautagaitza horiek finkatzeko moduek barne kalapitak sortu dituzte eta hainbat kantonamendutan binomio disidenteak ere aurkeztu dira. Liskarrak gorabehera, beraiek eta batez ere zentristak dira aukera hoberenak dituztenak euskal lurraldean.

Abertzaleen itzala

Hori bai, kantonamendu batzuetan, batik bat barnealdekotan, baina baita Uztaritze eta Errobi-Aturrikoan esaterako, EH Bai-k itzal handia egin liezaieke. Litekeena da zenbaitetan ezkerreko abertzaleak datorren igandeko bigarren itzulirako aurkezteko moduan izatea edo arbitro izateko aukerak izatea.

Gaurko lehen itzulian hamabi euskal kantonamenduetako boto-emaileek 24 kontseilari hautatzeko 76 hautagai bikote dituzte aukeran. Horietatik baten batek gaur gehiengo osoa lortuko balu, hautatua izango litzateke. Bestela, soilik hautesle-zentsuan bildutako herritarren %12,5eko babesa gainditzen dutenek izango dute bigarren itzulian parte hartzeko eskubidea eta orduan garaile suertatzen badira, Paueko eserlekua eskuratzekoa.

Eserleku horietan, lehen aldiz, parekidetasuna bermatuko da, sistema berriak gizon-emakume bikoteka aurkezteko derrigortasuna ezarri baitu.