Igandeko bozen lehen itzulia igarota eta bertan hautesleek utzitako emaitzak aztertu ostean, lehian segitzen dutenentzat atzokoa harreman, dei eta kontaktuen eguna izan zen, datorren igandeko norgehiagokara ahalik eta indartsuen iriste aldera. Alta, oraingo sistema berriak bi itzulien artean hautagaitzak bere horretan mantentzera derrigortzen duenez, hautagai dantzarik edo zerrenden aldaketarik ez da izango, lehen ez bezala.
Hortaz, indar politikoen arteko kontaktuak –izan badira bederen, horretaz ezer gutxi esan baitzuten interesatuek– norberaren hauteskunde-oinarriari igandean noren alde bozkatu jakinarazteko gomendioetan zentratu ziren.
Kantonamendu askotan datorren igandeko bozketarako giltza FNk duen arren, eskuin muturreko alderdiko bozeramaile Jean-Michel Iratchetek «ezkerreko zein eskuineko hautagaiak bata bestearen pareko» direla adierazita, ez zien irizpiderik eman beren hautesleei. Jakina, beren aldeko boza eskatu zien, Errobi-Aturri kantonamendukoei, han garaile ateratzeko aukera anitz dituzten Alain Iriart-Fabienne Ayensa EH Baiko bikotearekin lehiatuko baitira. Emaitzei dagokienez, berriz, bere kontaketa propioa egin zuen. Izan ere, EH Bai aurretik dutela aintzat hartu gabe, Ipar Euskal Herrian «hirugarren indar politikoa bilakatu» direla esan zuen.
Hain zuzen, atzo Baionan egindako agerraldian, EH Baik zein jarrera izango duen jakinarazi zuten Iker Elizalde eta Juliette Berguignanek. Hauteskunde lasterketan mantentzen diren bost kantonamenduetan berriro aurkeztuko direla baieztatu ondoren, gainerakoetarako ez dutela gomendiorik emango adierazi zuten. «Igande arratsean bertan kantonamendu guztietako 300 bat militanteek egoera aztertu genuen eta gure proiektu politikoaren oinarriak inork ez dituela ordezkatzen ikusita, gure alde egingo dugu oraindik lehian segitzen dugun bost kantonamenduetan eta besteetarako ez dugu inoren aldeko botorik eskatuko», esan zuten.
PSren aldetik deiren bat ukan dutela onartu bazuen ere, «ez da eskaintza formalik izan, soilik botoak trukatzeko tratuen aipamen ez oso zehatzak eta gu ez gara horretan sartuko», nabarmendu zuen Elizaldek.
PSko hautagaien deia
Donibane Lohizuneko kantonamenduan, ordea, PSko bikoteak adierazpen bat kaleratu zuen, izena argi adierazi gabe ere abertzaleen aldeko botoa eskatuz. Hor, Leire Larrasa-Peio Etxeberri Aintziart EH Baiko bikotea Forces64-UMPko Dubarbier-Juzan bikotearekin lehiatuko da eta Paueko bi eserlekuak eskuratzea ez diete erraz jarriko.
Uztaritze, Euskal Mendialdea eta Bidaxune-Amikuze-Oztibarreko kantonamenduetan ere presente izango da EH Bai bigarren itzulian. Hiru horietan ere, eskuin eta zentroko binomioak izango dituzte aurrez aurre, baina horiei gailentzeko aukera gutxi lituzkete abertzaleek.
Ez lirateke, haatik, eskuineko eta zentroko hautagaiek bereganatuko lituzketen kantonamendu bakarrak izango. Argi da, Baigura-Mondarrain kantonamenduari dagozkien bi kontseilariak Forces64-UMPko aliantzakoak izango direla, bigarren itzulira igarotzeko aukera duten bi bikoteak joera horretakoak baitira.
Horrez gain, Biarritzekoan ere aski segurua da Max Brissonek eta Maider Arostegik osatutako bikoteak arazorik ez duela izango jokoan dauden bi eserlekuak lortzeko, eskuineko beste bi bikote disidenteek izan dituzten barne liskarrak alde batera uzten badituzte bederen.
Angelukoan, berriz, igandeko itzuliak utzitako panorama ikusita, ezusteko izugarria gertatu beharko litzateke Sandrine Derville eta egungo kontseilari sozialista Guy Mondorge ez menderatzeko, eskuineko Chasseriaud-Darrasse bikoteak aukera gehien dituela bistakoa baita. Angeluko beste zati handi bat hartzen duen Baiona 1 kantonamenduan ere ezer gutxi beharko dute egungo UMPko kontseilari Claude Olivek eta bere kide Florence Lasserre zentristak datozen sei urteetarako hautatuak izateko.
Baiona 2 eta Hendaia
Lehia biziagoa izango da, ordea, Baiona 3n. PS eta Forces64-UMPko bi bikoteak ia berdinduta geratu ziren igandean, baina eskuinak boz berriak erdiesteko erreserba poltsa eskasagoa du, teorian bederen FNkotik soilik hurrupa baitezake. Sozialistek, berriz, Berdeenak eta FGkoenak erakar ditzakete, baina EH Baik lortutako ia %10etik jatea zaila izango dute.
Hendaiako kantonamenduan aspaldiko lehiakideak izango dira aurrez aurre, oraingoan ere. Chantal Kehrik eta PSko Kotte Ezenarro auzapezak osatutako bikoteak Marie Josee Goia-Jean Battite Sallaberry auzapez ohia izango du aurkari. Joan den igandean lehenek abantailaz irabazi bazuten ere, beharrezko dute beste ezkerreko ingurukoen babesa bereganatzea hautatuak izateko. Ildo horretan, EH Baik jasotakoa giltzarria izanen litzateke beraientzat.
EAJ-PNBk, berriz, lau kantonamendutan aurkeztu zuen zerrenda baina, «demokratak» direla esanda, orain ez diete inolako gomendiorik emango boto-emaileei, «nahi dutena hautatzeko gauza direlako».
Pirinio Atlantikoetako departamendua osoki hartuta, ia segurutzat jotzen da zentristak eta eskuinekoak izango direla garaile sozialisten kaltetan. Hala, 2011n lehen aldiz galdu zuten Departamenduko Kontseiluko gidaritza berreskuratzeko moduan izango dira.
Eskiula, integrado en un cantón bearnés, votó al PS
En el municipio zuberotarra, el único que no está integrado en los cantones vascos sino en el bearnés de Oloron 1, fue el binomio del PS el más votado. En concreto, el 46,10% de los 450 eskiularras con derecho a voto les apoyó. El segundo fue el de la derecha con el 34,20% y el tercero los centristas (11,5%). Podía haber una triangular, pero estos últimos se han retirado.A.M.