Korrika 19 azken kilometroak egin ditu Bilboko kaleetan. Jendetza ibili da ibilbide osoan zehar. Goizaldeko 7.00ak aldera iritsi da Bilbora Korrika eta eguerdian heldu da Areatzako helmugara.
AEK-ko ordezkariek hunkiturik eraman dute lekukoa azken kilometroan. Arriagako zubitik igaro diren unean emozioa nagusi izan da. Euskaltzaindia, Ikastolen Federazioak eta Kontseiluak egin dituzte beraien aurretik azkenengo kilometroak.
Lekukoaren barruko mezua Jakin aldizkariko zuzendari Lorea Agirek irakurri du eta euskara auzi politikoa dela azpimarratu du. «Kontua egitea da» errepikatu du hainbat aldiz «menpeko izateari utzi eta euskaldun gisa ahalduntzea» nabarmenduz.
Irati Erkizia eta Fredi Paya bertsolariek abestu dute ondoren eta AEK-ko ordezkari Iñaki Urkijok hartu du hitza. «Euskal Herria euskaldunduko dugu» esan du eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko deia egin du: «Ezin ditugu hamaika egun hauetako ametsak ahaztu. Mila dira aukerak».
Helmugara iritsi aurretik, milaka lagunek bat egin dute Korrika-rekin Bilboko kaleetan.
Hainbat elkarte eta erakunderen eskutik igaro ondoren, San Mames barrutik ere pasatu da eta lekukoa Iraia Iturregik eta Xabi Etxeitak eraman dute. GARA eta NAIZ komunikabideetako lankideek ere kilometro bat egin dute Bilboko erdigunean. Iñaki Soto GARAko zuzendariak eraman du lekukoa eskuan.
Aurpegi ezagun eta ezezagun ugarik hartu dute lekukoa. Horien artean, Fredi Paya Bizkaiko bertsolari txapeldunak hartu du Miribilla inguruan; aste honetan aske geratu den Raul Alonso preso ohiak Alde Zaharrean; Ibon Areso Bilboko alkateak Udaletxe parean; LAB eta ELA sindikatuetako ordezkari Ainhoa Etxaide eta ‘Txiki’ Muñoz idazkari nagusiek, hurrenez hurren; Berria egunkariko ordezkariek edo EAJ, EH Bildu eta PSEko ordezkariek.
Bukaera festa
2.500 kilometro eta gero, Bilbon, Nabarra kalea igaro eta Areatzako zubia zeharkatuta Korrikaren 19. edizioak amaitutzat eman du bere ibilbidea eta bukaera festa hasi da.
Sei gunetan bereizi dute igandeko jaia. Lehena, San Nikolasen izango da, eliza aurrealdean. Bertan, 12:30ean egin zaio ongi etorria Euskal Herria ipar eta hego, ekialde eta mendebalde gurutzatu dituen lekukoari. Bertan musika ez da faltako arratsaldean zehar. Korrika Abesti Taldea, Kherau, Anje Duhalde eta Izerdi Gorriaren eskutik.
Areatzan, aldiz, kokatuko dituzte gune nagusia eta gazte gunea. Bertan, jan eta edateko nahi haina izateaz gain, kontzertuek hartuko dute presentzia. Xutik, Eskean Kristo, Betagarri eta Ze Esatek! taldeek dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak.
Bestetik, Arriaga plazan, erraldoiak, dantza taldeak eta antzerkiaz gozatzeko aukera izanen da. Erripan berriz, txikienek, puzgarriak, magoa edota karaokea izango dute Korrikaren amaiera jaiaz gozatzeko.
Bostgarren gunea Bilbo Zaharrak hartuko du, musikaren baitan. Sutan, Elortegi Anaiak, Revolta Permanent eta DJ Elepuntoren eskutik. Azkenik Zazpikaletan kale animazioa ez da faltako.