NAIZ
LArresoro

Frantziak Oier Oari ezarritako «zigor bikoitza» salatu dute Larresoron

«Ez zigor bikoitzari, Oier Larresororat!» zioen pankarta eskuan manifestazioa egin dute ehunka herritarrek arratsaldean. Oier Oak pasa den astean utzi zuen espetxea baina etxera itzultzeko modurik ez du izan, Paris ondoan asignatu dioten hiritik irteteko debekua baitu. Herrikideek «zigor bikoitza» dela uste dute eta Lapurdin aske bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute.

«Zigor bikoitzari ez, Oier Larresororat» manifestazioaren buruan. (Bob EDME)
«Zigor bikoitzari ez, Oier Larresororat» manifestazioaren buruan. (Bob EDME)

Oier Oak Larresoron aske bizitzeko eskubidea duela aldarrikatu dute ehunka herritarrek arratsaldean. Jaiotzez donostiarra, Larresoron du bizilekua, lana eta familia Oier Oak baina espetxetik ateratzean Paris ondoan asignatu du Parisek gaztea. «Zigor bikoitza» dela uste dute arratsaldean kalera irten diren herritarrek eta Larresoron aske bizi behar lukeela.

Oak lau urte eman ditu espetxean eta ezarri dioten asignazioa legez kanpokoa dela salatu berri du, auzitegietara ere eraman du gaia. Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarri zion epaileak lehenbizi, Espainiako Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskariari muzin egin ostean, ordea, ezin dute kanporatu eta asignazioa da, ezarri dioten zigorra. Egunean hiru aldiz joan behar du polizia etxera sinatzera eta ezin du ezarri dioten herri eremutik irten.