Gaur goizean Baionan emandako prentsaurrekoan iragarri dute albistea Bake Bideako dozena bat kidek. Peio Dufau kolektiboaren bozeramailetako batek jakinarazi duenez, Aieteko ibilbide orriaren laugarren puntua garatzen jarraitzea da konferentzia berri honekin erdietsi nahi dutena. Jendartean eta eragileen artean elkarrizketa guneak sortzea gomendatzen zuen puntu horrek. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan konponbide prozesua bururaino eramateko egiten ari diren «lan diskretu eta aktiboaren» uzta berria dela aipatu du Dufauk, iazko urrian ezagutarazi zen Baionako Adierazpenaren, 2014ko ekaineko herri mobilizazio zabalaren eta Lapurdiko hiriburuko unibertsitatean egin zen Bake Foroaren segida dena hain zuzen.
Parisko Victor Hugo aretoan egingo da goiz bateko iraupena izango duen «konferentzia humanitarioa». Asanblada Nazionalaren gela nagusietako bat da berau, hirurehun gonbidatu hartzeko gaitasuna duena. Antolaketa lanetan estatu mailan erreferentea den Giza Eskubideen Liga (LDH) eta Ipar Euskal Herriko Bake Bidea kolektiboa ari dira, baina zeregin horretan eragile gehiago inplikatu nahi dituzte. Sustatzaile berri horiek datozen egun eta asteetan zertu daitezkeela iragarri dute.
Inplikazio berriak
Konferentziara Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat eramatea dute xede. Hori lortzeko, gaurtik aurrera euskal eragile zibilekin nahiz kargu politikoekin hitzordu dinamika bat abian jarriko dutela adierazi du Anaiz Funosas kolektiboko kideak. Frantses jendartean «bake prozesuaren aldeko pentsamendu oldea» egikaritzea ere lortu nahi dute ekimenarekin. Horretarako, jendarte zibil frantsesa eta parlamentari nahiz ordezkari politikoak ekaineko konferentzian partaide izatera gonbidatuko dituzte.