NAIZ
MADRID

Berriz ere polizien deklarazioa entzutera behartu dituzte Iruñerriko 10 auzipetuak

Iruñerriko 10 gazteren aurkako epaiketaren hirugarren saioa burutu da asteazken honetan, eta atzo bezala, atxiloketetan eta inkomunikazio egunetan parte hartu zuten poliziek hartu dute hitza. Gaur ere epaituak hauen deklarazioa entzutera behartu dituzte.

Auzitegi Nazionalaren aurrean epaiketa politikoak eta tortura salatu dituzte auzipetuek. (@EleakMugimendua)
Auzitegi Nazionalaren aurrean epaiketa politikoak eta tortura salatu dituzte auzipetuek. (@EleakMugimendua)

Herenegun hasi zen Iruñerriko 10 gazteren aurkako epaiketa espainiar Auzitegi Nazionalean eta gaur hirugarren saioa burutzen ari da. Atzo, epaitu guztiek dekalratu ostean, atxiloketa eta inkomunikazio egunetan parte hartu zuten poliziek hartu zuten hitza, eta gaur ere haien txanda da. Gazteek torturak salatu dituzte eta polizien hitzak entzun behar ez izatea eskatu, baina bai atzo eta bai gaur epaileak behartu egin ditu gelan egotera.

Hasi baino lehen, auzipetu eta bertan diren lagun eta senideek elkarretaratze bat egin dute espainiar Auzitegi Nazionalaren atarian, epaiketa politikoen eta torturaren amaiera eskatuz. Oihan Ataun auzipetuak adierazi du ez zituztela polizien deklarazioak entzun nahi: «Behartu egin gintuzten inkomunikazioa egunetan egin genituen deklarazioak gure kabuz eta naturalki egin genituela entzutera». «Gaurkoan ere ez ditugu entzun nahi eta ez dugu esaten dutena onartzen».

Atzokoarekin alderatuz, hainbat poliziek komisaldegitik egin dituzte euren deklarazioak eta, auzipetuak kexu agertu dira, ez delako bermatu «lekuko» hauek beren artean hitz egiten ez zutenik. 

Aretoan izan direnek nabarmendu dutenez, «lotsagarriak» izan dira polizien deklarazioak, «etengabe» kontraesanetan erori direlako.

Galdera askori «ez dut gogoratzen» erantzun diotela ere azaldu dute.

Bihar, defentsako lekukoen txanda izango da.