Iker Bizkarguenaga
Bilbo

Bizkaian herriei eta eskualdeei begiratuko zaie

Inkestek Bizkaian EAJk irabaziko duela diote eta, eserleku batzuk gora edo behera, ez da ustekaberik espero. Herri askotan, aldiz, lehia handia izango da, batez ere jeltzaleen eta EH Bilduren artean.

Aitziber Ibaibarriaga, candidata de EH Bildu a la Alcaldía de Bilbo. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Aitziber Ibaibarriaga, candidata de EH Bildu a la Alcaldía de Bilbo. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Hiru aste barru jokatuko du Athleticek Kopako finala, eta zuri-gorriek oso zaila izango dute Barça mendean hartzea. Eta, hala ere, esan liteke ia-ia sorpresa handiagoa izango litzatekeela sei egun lehenago EAJk Bizkaian hauteskundeak ez irabaztea. Izan ere, alderdi hori aise gailendu da herrialde horretan egindako hauteskunde guztietan, eta inkesta denek berriro ere halaxe izango dela iragartzen dute.

Hori horrela izanda, zalantza handiena lau urte hauetako kudeaketak eta, batez ere, azkenaldian EAJren gainean piztu diren eskandaluek –Iruarrizaga, Pinosolo, Zalla, Alonsotegi eta beste batzuk– Unai Rementeriaren hautagaitzari kalte egingo dioten jakitean datza. Eta, bestetik, hitzordu honetan Josu Unanue buru duen EH Bilduk duela lau urte abiatutako goranzko joerari eutsiko dion ikusgai dago. Hortik aurrera, ez da ezuste handirik espero Batzar Nagusietan.

Bestelako kontua da herri eta eskualdeek eman dezaketen jokoa. Izan ere, zenbaitetan lehia handia aurreikusten da, eta gerta liteke alde batera edo bestera aldaketak izatea.

Ildo horretan, oihartzun handia izan du Gernikan jazotakoak, Jose Maria Gorroño Bilduko alkateak EAJrekin akordioa hitzartu baitu elkarrekin joateko. Zalapartak zalaparta, ikusi beharko da esperimentu horrek ze emaitza ematen duen.

Durangon, aldiz, bestelakoa izan daiteke aldaketa. Izan ere, Udalak berak egindako inkesta batek berdinketa ematen die EAJri eta EH Bilduri, eta ez litzateke ustekabea izango abertzaleek jeltzaleei alkatetza kentzea. EH Bilduk Durango eskuratuko balu, ia eskualde osoa lerrokatu daiteke koalizioaren alde, duela lau urte Durangaldeko herri gehienetan gailendu baitzen.

Antzeko zeozer gerta liteke Arratian, non ezkerreko abertzaleek jadanik badakiten zer den Igorren, Lemoan eta, noski, Diman irabaztea. Beste herri batzuetan, hala nola Galdakaon, lehia bizia espero da EAJ eta EH Bilduren artean, eta Ezkerraldean jeltzaleek PSEren alkatetzaren bat eskura lezakete. Gainerako eskualdeetan ere interes- guneak egongo dira (Bermeo, Sopela...), eta Bilbon, Jose Maria Aburtori Iñaki Azkunak eskuratutakoak baino emaitza apalagoak iragartzen dizkiote. EH Bilduk, aldiz, gora egiteko aukera dauka Aitziber Ibaibarriaga buru duen zerrendarekin.

Honi buruzko guztia: M24