Datorren asteko iganderako, maiatzaren 17rako, egin dute deialdi nagusia, aste honetan Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz espetxeratu dituzten lau gazteen atxiloketak salatzeko eta Poliziak oraindik atzeman ez dituen Ibon Esteban, Igarki Robles eta Aiala Zaldibar babesteko. Ainhoa Villaverde, Bergoi Madernaz eta Marina Sagastizabal arabarrei elkartasuna adierazteko martxa egin dute gaur hainbat herritarrek Zaballako espetxera.
#YaValeHostia Zaballako espetxera martxa egin dute. Ez dago harresirik geldituko gaituenik! #7akLIBRE #M17Gasteizera pic.twitter.com/Sd1S04Ld0O
— GazteIraultza (@GazteIraultza) May 9, 2015
Gazte Iraultza ekimen komunikatibotik iragarri dutenez, martxan parte hartu dutenak identifikatu ditu Poliziak, espetxeko perimetroa iragan omen dutelako.
Donostian ere izan da protesta gaur, giza katea egin baitute hainbat pertsonek atxiloketa hauek salatzeko. Hiriburu gipuzkoarrean Bakearen usoaren parean amaitu da mobilizazioa.
Argazkia: DonostiHarresia
Hainbat hauteskunde ekitalditan ere oso presente izan dira operazio hauek. ‘Libre’ zioen kamiseta laranjarekin hartu du hitza Bilbon, adibidez, Oskar Matutek. Alboan zuen Miren Ruiz, Xabat Moran atxilotuaren ama.
Iruñeko Anaitasunan ere askok kolore laranjako zapiak eta kamisetak eraman dituzte ekitaldian. Ibon Esteban Arrotxapeako gaztea gogoan izan dute. Zigortu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak baina Poliziak ez du atxilotu, oraindik.
Atxiloketak izan zirenetik mobilizazioak izan dira batean eta bestean eta modu horretan jarraituko dute hurrengo egunetan ere, igandean, adibidez, kalejira izango da Gasteizen (13.00etan).
#ResistGasteiz, maiatzaren 17an Gasteizen
Hitzordu nagusia datorren igandean izango da Gasteizen, manifestazio nazionala deitu dute atxiloketak eta zigorrak salatu eta gazteak babesteko. Sare sozialetan #ResistGasteiz traolarekin ari dira mezuak zabaltzen.
12.00etan da zita, hiriburu arabarreko Bilbo Plazan.