Amaia U. LASAGABASTER
Elkarrizketa
MIKEL ARRUABARRENA
EIBAR-KO JOKALARIA

«Jokoak baino, buruaren indarrak erabakiko du helburua nork lortzen duen»

Lehen aldiz elitean, entrenatzailearen konfiantzarekin eta aurkako ateari neurriak hartuta, bere bizitzako urterik goxoena bizitzen ari da Mikel Arruabarrena. Eta errepikatzeko aukera izatea espero du, horretarako Eibarrek azken hiru hilabeteetan lortu ez duena bi astetan egin behar duen arren.

Aurrera egiteko gai gara. Hori zioen Mikel Arruabarrenak orain dela bi hilabete eta erdi GARAri eskainitako elkarrizketan. Bigarren itzuliko hasi berriko dinamika latza gehiegizko konfiantzaren aurkako abisutzat hartu eta, taldeak mezua jasota, iraungitze data jarri zion ere aurrelariak. Erratuta zegoen, zoritxarrez: eroria ez da gelditu eta jaitsieraren mehatxua errealitate bilakatzeko zorian dago.

Amaitu dira kontuak. Bi partida besterik ez dira geratzen eta mezua argia da: irabazi ala hil.

Horrela da. Hainbat astetan egon gara pentsatzen «etorriko da erreakzioa, aste honetan ez bada hurrengoan, aurkariek ere huts egiten dute...». Baina denbora pasatu da eta ez dugu lortu. Orain ezin dugu beste aukerarik pasatzen utzi, gure onena emateko unea heldu da.

Presioa kentzeko balio dezake? Galdu zitekeena desagertu denean ez dago gehiago galtzerik.

Ez, ez, presioa ikaragarria da. Askorendako Lehen Mailako lehen denboraldia azkena ere izan daiteke. Amets hau bizitzen jarraitu nahi badugu, azken hilabeteotan lortu ez duguna, orain lortu behar dugula. Egia da egoera, beharbada, ez dela sailkapenak islatzen duen bezain larria, hainbat aurkarik guk baino egutegi gogorragoa dutelako, baina besteen porrotek ez dute ezertarako balio izango guk geurea ez badugu egiten. Gure onena eman behar dugu, partida biak irabazten saiatu.

Nola heldu da taldea egoera honetara? Lehen itzulia «onegia» izan bazen ere, ez da erraza horrelako beherakada gertatzea.

Egia esan, ez dakit. Albentosa baja garrantzitsua izan zen, Navasek ere hainbat partida ezin izan du jokatu azkenaldi honetan... Fisikoki ere lehen itzulian egindakoa ordaindu genuen, gehiegizko konfiantza egon zen agian... Eta behin dinamika txarrean sartuta, buruaren eragina sekulakoa da, batez ere azken urteotan ez gaudelako ohituta horrelako une txarrak bizitzen. Zorteak ere alde egiten du, lehen sartzen zena orain ez da sartzen eta zure atean alderantzizkoa gertatzen da, edozein aukera aurkako gol bilakatzen dela.

Beti uste duzu irtengo zarela baina asteak pasatzen direnean dinamika apurtu ezinik, urduritasuna agertzen da, zalantzak... Eta horrek guztiak jokoan ere eragina dauka, bigarren itzuli honetan partida onak egin ditugun arren.

Iganderako konpondu beharreko arazo nagusia, beraz, buruan legoke? Jokoa eta fisikoa hobeto daudela uste duzu?

Bai. Fisikoki ondo gaude, gure datuek ere horrela esaten dute. Eta joko aldetik ere, une onenetan ere beti hobetzekorik dagoen arren, ondo egiteko gai gara. Halako egoeretan, hain denbora gutxi geratzen denean, jokoak baino, indar mentalak erabakitzen du helburua nork lortzen duen. Eta gu blokeo handi batekin gaudela uste dut, hori da konpondu behar duguna. Gai garela sinistea, hasierako ilusioa berreskuratzea... Bizirik egotea, batez ere, Espanyolen kontrako azken ordu erdian eman genuen irudia ez ematea. Lehiatu eta sinistu.

Hori litzateke galdera garrantzitsuena, ezinbesteko baldintza: taldeak sinisten du?

Dudarik ez. Asteleheneko lansaioa ikusi besterik ez dago, zer-nolako intentsitate eta gogorekin entrenatu ginen. Sinisten dugu. Baina demostratu behar dugu. Eta Kordobako partidari itxaron barik. Askoren ustetan, Getafen berdinduz eta Kordoba gaindituz helburua lor daiteke. Ni ez nago ados, Getafen ez irabazteak zalantzak sor ditzakeelako eta irabazteak, berriz, sekulako indarra emango digulako. Irabaztera irten behar gara, garaipena behar dugula demostratzera lehen minututik. Bizitza jokoan daukagula erakutsi behar dugu.