NAIZ
MADRIL

Herriko tabernen auziko sententziak baliogabetzeko eskatu du defentsak

35/02 sumarioaren baita auzipetutako 34 pertsonetatik 20 zigortu zituen Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalak. Hauek errekurtsoak aurkeztu eta bista izan da gaur Auzitegi Gorenean. Bertan, sententziak baliogabetzeko eskatu du defentsak.

35/02 sumarioan auzipetuak eta herriko tabernen ordezkariak, artxiboko irudi batean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
35/02 sumarioan auzipetuak eta herriko tabernen ordezkariak, artxiboko irudi batean. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak herriko tabernen auzian zigortuak –34 auzipetutik 20– izan eta errekurtsoa aurkeztu zutenen inguruko bista ospatu du astearte honetan.

Bistan zigortu guztien absoluzioa eskatu dute defentsako abokatuek –Iñigo Iruin eta Kepa Landa–, baita zigor sententzien baliogabetzea ere. Iruinen arabera «akats larria» da HB «erakunde terrorista» izendatzea, eta zigortuak euren jarduera politikoa garatzera mugatzen zirela nabarmendu du.

Landaren ustez, aldiz, okerra da HBren baitan lan egin zuen oro ETArekin «lankidetzen» ziharduela ondorioztatzen duen tesia, eta gaineratu du ez dela frogatu herriko tabernen eta ETAren artean jario ekonomikorik zegoenik.

Fiskaltzak errekurtsoen aurka egin du.