Maider IANTZI

GOBERNUTIK AT, BAINA EREDU BERRIA AURRERA DONOSTIAN

GROSEN, URUMEA BAZTERREAN DAGOEN EH BILGUNEA BETETA ETA KOALIZIOAREN DONOSTIAKO ORDEZKARIEN BISAIAK GAZI-GOZO. EZ DUTE ALKATETZAN SEGITZERIK IZANGO, BAINA EZ DUTE ZALANTZARIK BERTATIK SUSTATU DUTEN EREDU BERRIAK AURRERA JARRAITUKO DUELA, «HIRIAN ERROTUA» BAITAGO. 20.500 BOTO DITU OINARRI.

Donostiako EH Bilduren agerraldian lau urteotan Udal Gobernuan lan egin duten alkate, zinegotzi eta kideak eta datorren legegintzaldirako aurkeztutako hautagaiak elkartu ziren hauteskundeen emaitzak baloratu eta, batez ere, egindakoaz harro daudela eta abiatutako bideak segida izango duela baieztatzeko.

Jende eta kazetari piloaz inguratuta, botoa eman dutenei eskertuz eta lehen postuan gelditu den Eneko Goia zorionduz hasi zuen hitzaldia Izagirrek. «Mila esker» erran zien EH Bildu sostengatu duten 20.500 lagunei. Koalizioaren proiektua hirian sustraituta dagoela eta jasotako botoak horren oinarri direla esan zuen. Eredu berria posible dela erakutsi dutela eta egiteko modu horrek emaitza onak eman dituela eman zuen aditzera.

Esplikatu zuenez, gertatu dena da «beste batzuek boto asko aktibatu dituzten bezala» koalizioak ez duela gauza bera lortu. Datozen egunetan horren zergatia aztertuko dute.

Garrantzitsua egitasmoa dela eta horrek aurrera egingo duela errepikatu zuen orain arte alkate makila eraman duenak, hedabideek behin eta berriz berak pertsonalki Udalean jarraituko duen eta zer plan dituen galdetu eta gero. «Bidea luzea da, baina markatuta dago, norabidea jarrita dago». Hauteskundeotan izan den parte-hartze maila goraipatu, eta hori eguneroko bihurtzearen alde egin zuen. «Hiri, auzo eta kale bizi eta antolatuak behar ditugu eta EH Bilduk bide horretan tresna izaten segituko du», agindu zuen.

Prestasuna agertu zuen EAJrekin hitz egiteko eta boterea «normaltasunez» pasatzeko, eta esker onez betetako txalo zaparrada gazi-gozoak talde osoa bildu zuen.

Honi buruzko guztia: M24