Javier Marotok oso emaitza onak eskuratu zituen iragan igandean, bere alderdiaren gainbehera ikusgarriari aurre eginez eta duela lau urteko zinegotzi kopuru berari eutsiz, boz gehiago jasota, gainera. Baina Euskal Herrian oso alkate gutxi izango dira gasteiztarrak adina kontrakotasun eragiten dutenak; izan ere, hauteskundeak irabazteko xedez PPko ordezkariak azken hilabeteetan –lehenago ere bai– esan eta egindakoek sekulako haserrea eragin dute Gasteizko sektore zabal eta anitzetan.
Horiek hala, egia da 35.000 lagun baino gehiagoren babesa baduela, baina egia da ere bozkatzera joan ziren gainerako 85.000 gasteiztarrek ez dutela Maroto alkate izatea nahi.
Nahikoa izango al da hori Arabako hiriburuan aldaketa gauzatzeko? Ez du ematen. Miren Larrion EH Bilduko zerrendaburu eta igandeko bigarren hautagai bozkatuenak atzo adierazi zuen bera prest legokeela gainontzeko alderdiekin batera PP alkatetzatik kendu eta Gasteizerako eredu berri bat abian jartzeko. «Gure botoak PP instituzioetatik ateratzeko izango dira», adierazi zuen, eta gaineratu zuen bere iritziz PP ez beste alderdiek bat egin beharko luketela alternatiba gauzatzeko. «Ez da siglen unea, hiriarena baizik», esan zuen. Baina EAJk eta PSEk ez dute eskaintza onartu. Ramiro Gonzalezek eta Peio Lopez de Munainek adierazi zuten Marotoren aurkako «fronterik» ez dutela ireki nahi, eta, beraz, litekeena da hurrengo lau urteetan alkate berak jarraitzea udalean.
Gutxiengo nabarmena
Baina azkenean horrela gertatzen bada, pozik egoteko arrazoiak bai, baina buruhausteak ere izango ditu PPko kideak. Izan ere, udaleko 27 zinegotzietatik bederatzi bakarrik izango dira bere taldekoak, eta lehen aipatu arrazoiengatik, bere jarrera populista eta oldarkorragatik, zaila izango du oposizioko beste alderdiren batekin akordioak hitzartzea. Hauteskunde aurreko hilabeteetan EH Bilduk, EAJk eta PSEk behin baino gehiagotan bat egin dute Marotori aurre egiteko, batez ere egin dituen adierazpen xenofoboen harira, baita San Antonio kasua dela-eta ardurak eskatzeko ere.
Eta udalean sartu diren alderdi berriek, Sumando-Hemen Gaude eta Irabazik, ez diote ezer hitzartzeko aukera handirik emango. Beraz, udalean gutxiengo nabarmenean egonda, ikusteko dago nola gobernatuko duen Marotok lau urteotan. Legealdia luze joan dakioke alkateari, nahiz eta esperientzia baduen halako egoerak kudeatzen.
Oso estu Batzar Nagusietan
Aldundirako hautagaitzari dagokionez, aldiz, ez dago zalantza handirik: EAJko Ramiro Gonzalezek eserlekua kenduko dio PPko Javier de Andresi. Baina hortik aurrera hasten dira komeriak; izan ere, emaitzak oso estuak izan dira Batzar Nagusietan eta gehiengoak osatzea oso ariketa zaila izango da.
Orotara 51 eserleku daude instituzio horretan, eta lehen indarra den EAJk 13 ditu. Askok dioten bezala, PSErekin bat egingo balu, 18 biltzarkide bakarrik izango lituzkete, gehiengo osotik oso urrun. Gertuago egongo litzateke, PPrekin (13+12) edo EH Bildurekin (13+11) akordioa egingo balu, baina oraindik gutxiengoan leudeke.
Argazkia osatzeko, Podemosek 8 biltzarkide eskuratu zituen, Irabazik bat eta Ciudadanosek beste bat. Ganbera anitza eta kudeatzeko zaila, beraz.
Atzo bertan, Gonzalezek esan zuen ez duela inor baztertzen Araban akordio bat hitzartzeko. Eta egia esan, ez dago inor baztertzen hasteko moduan.
Marra gorri guztiak pasa zituela esaten zuten, baina...
Marotok marra gorri guztiak pasa ditu legealdi honetan. Horrela adierazi dute behintzat, askotan, PSE, EAJ eta EH Bilduko ordezkariek. Bere mezu arrazistak bizikidetza arriskuan jarri duela esan dute oposizioko alderdiek. Eta, hala ere, litekeena da PPko kideak alkate izaten jarraitzea. Ziur asko, gasteiztar askok ez dute ulertuko zergatik beste leku batzuetan ezinbestekoa ikusten den «erregimena» kanporatzea, Iruñean kasu, eta Gasteizen ez.
Are gehiago, esparru batzuetan aipatzen da EAJk eta PPk akordio modukoa egin lezaketela Gasteizen eta Araban elkarri oztoporik ez jartzeko eta legealdi lasai samarra izateko. Baina dena ikusteko dago oraindik.I.B.