Apirilaren amaierako eta asteburu honetako joste egunen mapa (Gure Esku Dago)
Hamaika herri eta auzotan Gure Esku Dagok antolatutako joste egunak ari dira ospatzen asteburuan zehar. Orain arte herritarrek betetako oihal zatiak plazara atera eta horiek josten ari dira dozenaka herri eta auzotan. Guztietan ekainaren 21ean Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute; eta baita arratsaldean izango diren ekitaldi nagusietarako sarrerak eskuratzekoa ere. Izan ere, norbere herrian edo sarean erosi ahal den sarreraren bidez finantzatuko du erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak ekainaren amaierako ekimena.
Oihal kateak izan dira herri askotan, plazan oihalak betetzeko aukera, herri bazkariak, erromeriak, argazki herritarrak, flashmobak... Denak ere erabakitzeko eskubidearen alde ikuspegi ezberdineko herritarrak batu asmoz.
Ipar Euskal Herrian Sara, Uztaritze, Hazparne, Baiona eta Hendaia izan dira joste egunen topaleku. Azken honetan mugaz gaindiko ekimena egin dute eguerdian, Hondarribia eta Hendaia oihalez lotuz. Alde bitara herritarrak batu dira oihalak eskuan eta jai giroan. Ekainaren 21ean Baionara joateko deia egin dute.
Kotte Ezenarro (PS) Hendaiako alkatea eguerdiko ekimenean (KAZETA).
Bizkaiaren kasuan erronka San Mames betetzea da, estadio berria eraiki denetik futbolarekin zerikusirik ez duen lehen ekitaldia izango da Gure Esku Dagorena. Asteburu honetan Orozkon, Gernikan, Mungian, Lemoizen, Ean, Lezaman eta Bilbon izan dira ekimenak, besteak beste.
Hiriburuan giza katea egin zuten ostiral iluntzean, Orozkon ere ostiral iluntzean egin zuten joste eguna. Mungian, Gernikan, Lemoizen, Ean eta Ziortza Bolibarren ere izan dira ekimenak eta igandean Bilboko Errekalden eta Deustuan izango dira (agenda)
Ayer llenamos Ercilla por el derecho a decidir, el 21 de junio llenaremos San Mames #50000baietz @GureEskuDago pic.twitter.com/gTBCLuu5KT
— Beto Indautxu. (@Indautxutik) June 6, 2015
Arabara joste eguna igandean iritsiko da. Laudion hautetsontzi erraldoia egin asmo dute eguerdian. Gainera, Agurainen eta Zuian ere izango dira ekimenak.
Nafarren erronka Iruñeko Zezen plaza izango da, asteburu honetan oihalak kalera atera dituzte Goizuetan, Obanosen eta Zangozan, besteak beste.
#Goizueta n ere gogor ari gara #ErabakiaEhuntzen @GureEskuDago @Goizuetainfo pic.twitter.com/8dOgV8t4nQ
— Gorka Irazusta (@gorkaira) June 5, 2015
Gipuzkoan Anoetara joateko deia egiten ari dira herriz herri ospatzen ari diren joste egunetan. Errenteriakoa, agian, herrialdeko ikusgarriena. Oihal kate ikusgarria egin dute eguerdian eta ekitaldia izan da gero Zumardian. Bertakoak eta bertakotuak, denek bat egin dute:
#JosteEguna Kultura eta mundua bizitzeko modu desberdinak elkarrekin @GureEskuDagoEO @GureEskuDago pic.twitter.com/TQDvw66rAg
— Nora Barroso (@axala_n) June 6, 2015
Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere izan dira ekimenak; Berlinen, adibidez, ekainaren 21era begirako oihala osatu dute:
Berlinetik besarkada bat Euskal Herrira! Gure esku dago! @GureEskuDago @naiz_info @berria #gureeskudago pic.twitter.com/kAFLQjDxWG
— Libre Berlin (@LibreBerlin) June 6, 2015
Albistearen hasieran ikus daitekeen mapa horretan ari da Gure Esku Dago joste egunen inguruko informazioa berritzen. Ohar bidez, «ekainaren 21erako motor-berotze itzela» izaten ari dela adierazi du herri dinamikak.
Joste eguna iruditan (Gure Esku Dago)