NAIZ

EAEko ikasleek ekin diote selektibitate frogari

Gaurtik eta ostiralera bitarte EAEko 9.552 ikaslek egingo diote aurre selektibitateari. Guzti hauen bi herenek baino gehiagok euskaraz egingo dute froga. Hainbat elkarretaratze izan dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian frogaren aurka.

Ikasleak lehen frogara sartzeko momentuan. (ARGAZKI PRESS)
Ikasleak lehen frogara sartzeko momentuan. (ARGAZKI PRESS)

Goizeko 08:30ean ekin diote EAEko ikasleek aurtengo selektibitate frogari. Guztira 9.552 ikaslek egingo dituzte azterketak, iaz baino %2,78 gehiagok. Gainera, ikasle guztien artetik, 6.442k euskaraz egingo dute proba, eta 3.110 gaztelaniaz.

EHUk jakinarazi duenez, goi mailako heziketa ziklo bat egin duten eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diren beste 651 ikaslek ere egingo dute proba. Azterketa hauek ostiral arratsaldera arte luzatuko dira.

Aurreko astean Ikasle Abertzaleak erakundeak frogak «ikasleen bizi espektatibak mugatu» egiten dituela nabarmendu zuen, «ikasle bakoitzak balio duena zehaztuz». Gazteen hezkuntzan ere kontraeraginkorra dela azpimarratu zuten: «Haien artean lehiatzen duten ikasle robotizatu, akritiko eta sumisoak sortzea du helburu, hezkuntza herriaren beharretatik urrunduz eta emaitzak soilik bilatuz».

Honela, gaurkoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hainbat elkarretaratze burutu dituzte froga honen aurka.

Gaur EAEko ikasleen txanda baldin bada, aurreko astean nafarrek egin behar izan zioten aurre selektibitateari.

Nafarroan %95,41ak gainditu du

Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakinarazi duenez, azterketa egin zutenen %95,41ak gainditu du. Gainditu ez dutenek, bigarren deialdian berriz eigteko aukera izanen dute ekainaren 24,25 eta 26an.