Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Ipar Euskal Herriaren etorkizuna gaurtik marrazten dela nabarmendu dute Baionan

Aurtengo Gure Esku Dago dinamikari lotzen berantiarrenak izan badira ere, Ipar Euskal Herriko herritarrak izan dira goiztiarrenak erabakitzeko eskubidearen alde giza katea lehenik, eta hautestontzia geroago, osatzen. 1.500 bat lagun bildu dira giza katean eta ondorengo ekitaldian.

Goizeko 10.30etatik goiti Baionako Herriko Etxeko plaza kolorez eta jendez janzten hasi da. Joste egunak egin diren herrietan parte hartu ez zutenek, bere oihal propioa egiteko aukera izan dute eta baita kamiseta erostekoa ere.

Lapurtarrak nagusi baziren ere, Nafarroa Behere eta Zuberotik eta baita ere Gipuzkoako edo Nafarroa Garaiko hainbat herritatik jindako jendeak oihalak hartu eta 11.30ak aldera abiatu da herensuge koloretsua Errobiko ezker ertzetik. Harresien behekaldean dagoen Christian Belaskain errugbi zelairako bidean dauden hiru zubiak zeharkatu dituzte, Kuxkuxtu bandako musikarien kantek gidatuta. Une batean hiru zubiak aldi berean beterik ikusten ziren Lapurdiko hiriburuan gogoz jotzen zuen eguzkipean.

Umoretsu, irrifartsu eta baita ere hunkituak azaltzen ziren bertan parte hartu duten belaunaldi guztietako herritarrak. Belaskain zelaira iritsitakoan, belardi erdian paratu dituzte kolorezko oihalak bozka-kutxa baten forma emanez. Ekitaldia Maialen Arzalluz eta Odei Barrosoren bertsoekin hasi da eta, segidan, bertaratutako 1.500 pertsonek Eltzegorren ‘Zazpiak ohial batetik’ abesti ezaguna kantatu dute musika talde hartako kide eta Kuxkuxtukoen  gidaritzapean.

Ihintza Ostolazak eta Iban Thikoipek hartu dute hitza ondoren. «Euskaldunok gure eskuz obratzeko ez dugu itxaron baimena izan arte» esan dute euskara, ikastolak edo laborantza alorrean egindako ekimen kolektiboei aipu eginez. «Herritarren garaia» dela nabarmenduta, «gu zer garen, guri galdetu gabe nola erabakiko duten» galdetu du Thikoipek, «deliberatzeko deretxoa eta ardura» herritarrena dela gaineratu aitzin.

Euskal herritarren arteko «gogoeta, eztabaida eta adostasuna etorkizuna erabaki ahal izateko» beharrezkotzat jo arren, «aldarrikapenak ez direla aski» adierazi dute. «Gure baitan sinetsi behar dugu eta herritarrek gure artean borondate ezberdinak elkarrekin josi eta etorkizunean nahi dugun herria marraztu behar dugu gaurdanik» azpimarratu dute.

Ekitaldia 13.00ak baino minutu batzuk lehenago amaitu da. Jean-Rene Etchegaray Baionako  auzapeza zentrista ere bertan izan da, «kultur ekitaldia bultzatzeko». «Ipar Euskal Herriak behar duen berezko erakundearen» aldarrikapena aspalditik sustatzen duela ere gogoratu du.